Urpekaritza 'bataioa' eta hegats bakar ikastaroa Urpekaritza Astean

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko mar. 16a, 12:21
Udaleko Kirol Zerbitzuak urarekin lotura duten ikastaro bi antolatu ditu Gipuzkoako Urpekaritza Jardueren Federazioarekin batera. Urpekaritza Astea deitu diote ekimenari eta "uraren inguruan eta azpian egin daitezkeen jarduerak erakustea" da helburua, Kirol Zerbitzuetako ordezkarien esanetan. Urpekaritza bataioa eta hegats bakar (monoaleta) ikastaroa antolatu dituzte, Agorrosin Ekintza Gunean.

Urpekaritza bataioari dagokionez, bi saio egongo dira, martxoaren 24an, martitzena, eta 26an, eguena, 19:30-21:30 ordutegian. Hegats bakar ikastaroari dagokionez, martxoaren 25ean izango da, eguaztena, 19:30-21:30 ordutegian.
Bietan ala bietan saio bakoitzaren prezioa da 4 euro bazkideendako eta 8 gainerakoendako.
Izenematea zabalik dago martxoaren 18ra arte, Agorrosinen edo 943 77 70 95 zenbakian. Plaza mugatuak dira.

Umeendako ur estimulazioa

Sei hilabetetik hasi eta 36 hilabetera arteko umeendako ur estimulazio ikastaroa ere antolatu du Kirol Zerbitzuak. Hiru helburu nagusi ditu ikastaro horrek: umearen garapen psikomotorra ematea; guraso eta umearen arteko harremanak garatzea ur ingurunean eta haurrak bizipenak eta estimuluak jasotzea.
Ikastaroak aste bukaeran izango dira, zapatu eta domekan, apirilaren 25etik uztailaren 18ra bitartean. Ordutegiaren kasuan, sei hilabetetik 24 hilabetera arteko umeek bi aukera izango dute: 10:15-10:45 eta 11:15-11:45. Bestetik, 25 eta 36 urte arteko umeen ordutegia izango da, 10:45-11:15. Prezioari dagokionez, bazkideek 45 euro ordainduko dute eta gainerakoek 99 euro.
Umeendako ur estimulazio ikastaroetarako izenematea da martxoaren 25etik apirilaren 7ra. Apirilaren 8an izena eman dutenekin behin behineko zerrenda kaleratuko dute eta apirilaren 20an zozketa egingo dute. Horrela erabakiko dute ikastaroan parte hartuko dutenen behin betiko zerrenda. Izena emateko deitu 943 77 70 95 zenbakira edo idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak