Bonuaren prezioaren erdiaz Udala egiten da kargu, garraio publikoaren erabilera bultzatze aldera, kontuan izanik herrian aparkatzeko dauden arazoak. Udalak, gehienez, 27.000 bidaia, hau da, 13.500 euroko kostua hartuko du bere gain urtean zehar. Otsailaren 1ean jarri zuten indarrean bonu sistema.
Urbanoaren zerbitzua azpikontratatuta dauka Bergarako Udalak eta gaur egun Jose Inazio Sasiain eta Amaia Velez de Mendizabal ari dira zerbitzua eskaintzen. Aste barruan 07:00etan hasten dira lanean, 20:30ak arte, bazkaltzeko ordubeteko atsedenaldiarekin. Zapatuetan, berriz, goizetan bakarrik ibiltzen da urbanoa, 09:45etik 12:20ak bitartean. Geltokiei dagokienez, ohikoak dira: Labegaraietan, Zabala jatetxearen parean hasi eta Boni Laskuraineraino, San Martin ikastetxera bitartean, hainbat geraleku ditu. Joanekoan Espoloitik eta Zubietatik igarotzen da urbanoa eta itzulerakoan, berriz, Matxiategitik Ibargaraira egiten du. Zenbait erabiltzaileren ustez, geltokiak ez daude behar bezain ondo markatuta eta horrek agian ez du errazten urbanoa hartzea.
Herritarrei ez ezik, hainbat enpresari ere zerbitzua ematen dio herri barruko urbanoak. Era berean, San Juango industrialderaino ere joaten dira hainbat aldiz, errelebo ezberdinetako langileak eramatera, goizean, eguerdian, arratsaldean eta gauean.
Arduradunak pozik daude bonu sistemak izan duen harrerarekin. Urbanoan bertan eskura daiteke bonua.