Uraren fakturetan egon diren akatsak argitzeko bilera martitzenean

Arritxu Barruso 2008ko apirilaren 9a

Bergarako Udalak jakinarazi du hilabete honetan iritsitako uraren faktura batzuetan akatsak egon direla eta familia askori tokatzen zitzaiena baino gehiago kobratu diela Ur Partzuergoak.

Ordenantza fiskalak onartu zituztenetik Bergaran uraren kontsumoa neurtzeko irizpide berriak ipini dituzte martxan eta uraren gastua kontsumoaren araberakoa da orain. Aldaketa horiek direla-eta, gaizki ulertu batzuk egon dira kontadoreen irakurketetan eta ondorioz fakturetan.

Bergarako Udalak faktura horiek aztertzeko eta itzuli beharreko dirua itzultzeko eskatu dio Ur Partzuergoari, eta honek arazoa konpondu eta familia bakoitzari zor zaiona itzultzeko konpromisoa hartu du.

Dena dela, udalak herritarrei gertatutakoa azaldu nahi die. Horretarako bilera egingo dute datorren martitzenean, apirilaren 15ean, arratsaldeko zazpietan Bergarako pleno aretoan. Agurne Barruso alkateak azaldu du, bide batez, uraren kontsumoa neurtzeko martxan dauden irizpide berriak ere azalduko dizkietela herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak