Jende asko batu zen atzo arratsaldean Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoan ospatutako ekitaldia jarraitzeko. Andres Urrutia, Euskaltzaindiako presidenteak egin zuen irekiera hitzaldia, Euskara hizkuntza, euskara hizkera: unibertsitatearen eragina izenburupean. Ohikoa den moduan, ekitaldiaren amaieran 2007-08 ikasturtean lizentziatura lortu zuten ikasleei diplomak banatu zizkieten, bildutakoen txalo artean.
Bergarako UNEDek 30 unibertsitate titulazio eskaintzen ditu ikasturte berrian. Horrez gain, graduondoko ikastaroak, masterrak edota praktiketako eskolak egiteko aukera dago. Matrikulazio epea urriaren 31ra arte dago zabalik.