Unai Ontsalok jantzi du Bergarako lau t'erdi barruko lehenengo txapela

Xabier Urtzelai 2010ko mar. 25a, 16:38
Finaleko jaialdiak ez zuen hutsik egin, pilotariek neurria eman zutelako. Txapela janzteko lehian Yoldik eta Ontsalok partidu parekatua jokatu zuten, baina azken txanpan, markagailuak 17-17 erakusten zuela Ontsalok bi tanto egin zituen sakez, eta horrek min egin zion Uhartekoari: "Nekatuta zaudenean, bi tanto sakez egitea gauza handia da", adierazi zuen partidu amaieran txapeldunak.

Hain zuzen ere, Ontsalo hasi zen indartsu (0-3), baina Yoldik berehala erakutsi zuen ez zuela erraz amorerik emango. Lehenengo txaloak 5-4koan, Yoldik tantoa amaitzen asmatu ez eta Ontsalok batera eta bestera korrika ibili ostean tantoa eginda. Biak amorruz, mekaguenka, batak tantoa egin zuelako eta besteak aukera alferrik galdu zuelako; tanto horretan Ontsalok egin zuen moduko korrika saioek, baina, ordaina izaten dute.
Parean jarraitu zuten biek, bai akatsak egiten, baita tantoak amaitzen ere (6-6, 10-13, 14-14, 17-17). Yoldi izan da txapelketa osoan sakea ondoen egin duena, baina finalean Ontsaloren aurrean ez zuen errentagarritasun handirik eskuratu.
Partidua gogortzen hasita zegoen ordurako, eta, aurreratu moduan, Ontsalok sakez lortutako bi puntuko aldea erabakigarria izan zen (17-19). Bazirudien Yoldik partidua berdinduko zuela berriro (18-19), baina ezin izan zion tanto hari ere jarraikortasunik eman. Ontsalok egindako 18-20koa ederra izan zen, eta 18-21ekoan Uhartekoak GOITBko kamera azpian amaitu zuen, zabalean, txapa ondoan. Haraino eraman zuen Ontsalok, azken estokada zezenari (18-21). Ordura arte ez, baina orduan amore eman zuen Yoldik, fisikoki leher eginda; azken tantoa amaituta (18-22), zaleen txalo artean, lurretik altxatzen lagundu zion txapeldunak, Ontsalok.

Hirugarren, Larrañaga
Finalaren aurretik Larrañaga eta Mugurutza bergararra lehiatu ziren –Aitor Mendizabalen ordez, eskuko arazoekin–. Hala, sari polita Mugurutzarendako, baina baita konpromisoko partidua ere, "etxekoen aurrean bost tanto egitea ez zelako gozoa izango". Bada, ez, partidu ederra izan zen –finalak baino emozio handiagoa izan zuen–, nahiz eta hasierako tantoetan biek ala biek huts asko egin.
Larrañagak alde polita hartu zuen, aireko jokoari esker (13-19), baina Mugurutzak tantoa egin, pilota aldatu eta partidua berdindu zuen (19-19). 20-20koa arratsaldeko tantorik politena izan zen; biak leher eginda, eta lehenengo koadro barruan tantoa amaitu ezinka; mahoneroak bi paretako ona. Txalo zaparrada. Bergarakoak eskuan izan zuen garaipena (21-20), baina ez zuen errematatu. Errematerako, Larrañagaren azkena (21-22), grabatzekoa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak