Guraso, begirale, zaintzaile, irakasle edo interesa duen edonork har dezake parte eta bi ordutegi izango dira aukeran: aste barruan (eguaztenetan 15:00etatik 16:30era edo eguenetan 18:30etik 20:00etara) eta zapatu goizetan (10:00etatik 12:00etara). Saioren bat umeekin egingo dela adierazi dute antolatzaileek. Ikastaroa 14 ordukoa da eta euskaraz zein gazteleraz egiteko aukera izango da. Irakaslea Ana Carpintero irakasle bergararra izango da, horrelako ikastaroak ematen eskarmentua duena.
Afektibitatezko lotura indartu
Ikastaroaren helburua hauxe da: ondo pasatzea eta aldi berean euskal kantuak eta jolasak ikastea, ondoren haurrekin konpartitu ahal izateko. Hain zuzen ere, umeen eta familiakoen afektibitatezko loturak nabarmen indartu daitezke baliabide horien bitartez: elkarrekin jolastuz, kantatuz, ipuinak irakurriz edo elkarri entzunez.
Aste barruko saioak urtarrilaren 10ean hasiko dira eta zapatukoak urtarrilaren 12an.
Izenematea, abenduaren 14ra arte
Izena emateko epea abenduaren 14ra arte izango da zabalik eta matrikulak 24 euro balio du. %85eko asistentzia dutenei ordaindutakoaren erdia ordainduko zaie eta, era berean, grabatutako kantuen CDa eramango dute etxera.
Argibidetarako Udaleko Euskara Zerbitzura (udaletxeko lehen pisura) edo 943 77 91 66 telefono zenbakira jo dezakete interesatuek.