Ugalde anaiak nagusitu dira Santa Marina sarian

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko uzt. 20a, 19:05
Bi anaia, Imanol eta Aitor Ugalde, izan ziren zapatuko lasterketako protagonistak. Andoaindarrak bakarrik iritsi ziren Santa Marinako helmugara. Eskutik helduta, Imanol sartu zen lehenengo helmuga puntuan (2:23:30). Ondo pentsatutako erabakia izan zen; izan ere, Aitorrek mendiko saria eskuratuta zuenez, sariak bien artean banatzea erabaki zuten.

Eguneko beste protagonistetako bat eguraldia izan zen. Zapatuan izugarrizko beroa egin zuen; ondorioz, hainbatek lasterketa utzi behar izan zuten. Irteera puntuan 61 ziklista zeuden, baina, 91 kilometrotako lasterketaren ostean 36k lasterketa utzi zuten. Hala, 25 ziklista heldu ziren helmugara.

Ihes eginda, hasieratik

Gazte mailako XVII. Santa Marina lasterketa izan zen zapatukoa. Txirrindulariak 16:00etan irten ziren Matxiategi kaletik. Handik Osintxura hartu zuten.
Lehenengo kilometroetatik egon ziren ihesaldi saiakerak. Imanol Ugalde irabazlea, esaterako, hasieratik ibili zen ihes eginda. Helmuga puntuan adierazi bezala, ez zuen uste amaieraraino ihes eginda iristea lortuko zuenik. Horregatik, pozik zegoen egindako lanarekin. Azaldu zuen, lehenengo aldiz ihes eginda ibili ostean tropelak harrapatu egin zuela; baina, bigarren saiakeran, anaiarekin, helmugaraino iristea lortu zuela.

Udanan apurtu zen lasterketa

Txirrindulariek Osintxu eta Oñati arteko bidea bi bider egin behar izan zuten. Bigarren aldiz Oñatira iritsi zirenean, Udanako bidea hartu zuten. Ordurako, ziklistek bizikleta gainean 63 kilometro eginak zituzten. Nekea, eta batez ere beroa nabaria zen txirrindularien gorputzetan.
Aurkarien nekea aprobetxatuz, Udanan egin zuten ihes Ugalde anaiek. Handik aurrera bi ziklistak bakarrik ibili ziren eta helmuga puntura bakarrik iristea lortu zuten.

Mendiko saria

Udana gainean eta Deskarga gainean jarri zituzten mendiko sariko tarteko helmugak. Bietan onena Andoaingo Aitor Ugalde izan zen; ondorioz, hark irabazi zuen mendiko saria.
Lasterketako sari ia guztiak Andoaingo taldeak eroan zituen. Lasterketa Imanol Ugaldek irabazi zuen; Mendiko saria Aitor Ugaldek; taldekako saria Andoaingo T.E.; eta, herriko lehenengoaren saria Xabier Arantzetak eroan zuen (2:27:00). Antzuolarra gustura zegoen egindako lanarekin.

Debagoiendarrak

Esan bezala, 61 ziklistetatik 25 besterik ez ziren iritsi helmuga puntura. Horien artean, bi debagoiendar zeuden: Sumofic taldeko Xabier Arantzeta eta Ulma taldeko Oier Olalde (2:31:18).
Atzo, domeka, Euskadiko txapelketako lasterketa zuten jokoan txirrindulari gazteek. Horregatik, askok ez zuten zapatuan Bergaran dena eman gura izan. Lasterketako bataz besteko abiadura 38,05 kilometro ordukoa izan zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak