Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea erabaki du Udalak

Txomin Madina Milikua 2008ko uzt. 3a, 18:40
Asteleheneko osoko bilkuran hartu zuten erabakia, udal gobernua osatzen duten bederatzi zinegotzien eta EAko bakarraren botuekin.

Orain artean, Antzuola eta Aramaio izan dira Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMAn) sartuta zeuden Debagoieneko herri bakarrak, baina hemendik aurrera, Bergara ere gehituko zaie.

Horixe erabaki zuen Bergarako udalbatzak astelehenean egindako osoko bilkuran. Hasiera baten, UEMAn sartzeko baldintzetako bat zen herritarren % 80a euskalduna izatea, baina legegintzaldi berriarekin kopurua %70era jaitsi zen, eta Bergarak baldintza hori betetzen zuela ikusita, udal gobernua harremanetan jarri zen kide egiteko asmoarekin.

Agurne Barruso alkateak azaldu duenez, UEMAn sartzea urrats bat izango da Bergara euskara ezagutzen duen herri bat izatetik, euskaraz bizi den herri bat izaterako bidean.

UEMAn sartzeak ekarriko ditu hainbat aldaketa. Udalean jarraitu beharreko dekalogo bat jarriko da; aholkularitza zerbitzu bat ere jasoko du Udalak, adibidez etorkinen ingurukoa; eta UEMAk martxan jartzen duen kultur zirkuituan ere sartuko da Bergara.

Orain artean, eta egoera soziolinguistikoa dela eta, herri txikiak izan dira gehienbat UEMAko kideak. Barrusok esan du, baldintza berriekin herri handiagoak ere sartuko direla, eta horrek UEMAren dinamika moldatzea ekar dezakeela.

EAJren ezetza

Osoko bilkura, udal gobernuko bederatzi zinegotziez gain, EAk ere aldeko botua eman zuen, eta alderdi jeltzalea eta sozialistak kontra agertu ziren. Barrusok EAJren jarrera kritikatu du, jarrera politikoa dela argudiatuz.

Bergarako EAJko German Muruamendiarazekin harremanetan jarrita, esan du Bergaran azken urteotan lan handia egin dela euskarari dagokionean, eta oraindik bide luzea egiteko dagoen arren, ez dutela uste UEMAk, dituen ezaugarriengatik, orain dauden baliabideak baino gehiago eskaini ahalko dituenik. Gaineratu du, erakundeetatik, Euskara Sailburuordetzatik esaterako, euskararen inguruko antzerako zerbitzuak eskaintzen direla

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak