Musika Eskolak udaleku musikalak antolatu ditu aurten ere, uztaileko oporretarako.
Udalekuok hainbat helburu dituzte: musikaren mundu zoragarria ezagutzea, ulertzea eta bizi izatea; jolasen bidez musikaz disfrutatzea eta giro ludiko eta goxoa sortzea. Eta hori horrela izan dadin, erritmoa, melodia, dantza, musika tresnen tailerra, antzerkia eta koreografia landuko dituen metodo dibertigarria erabiliko dute. Horren haritik, Musika Eskolatik azpimarratu dute udalekuon helburu nagusia ez dela teorikoa, "musikarekin gozatzea eta sormena eta sentsibilitate musikalak garatzea" baizik.
taldetan banatuta
Umeen adinaren araberako lau taldetan egingo dituzte udaleku musikalak eta talde bakoitzak irakasle bat izango du. Taldeak honakoak dira: 4-5 urtekoak (2004an eta 2005ean jaiotakoak); 6-7 urtekoak (2002an eta 2003an jaiotakoak); 8-9 urtekoak (2000n eta 2001ean jaiotakoak); eta 10-11 urtekoak (1998an eta 1999an jaiotakoak).
Udaleku musikalak izango dira ekainaren 28tik uztailaren 9ra, biak barne. Ordutegiari dagokionez, 09:30ean hasi eta 13:00ak arte izango dira, Musika Eskolan.
izenematea zabalik dago
Izenematea dagoeneko zabalik dago, maiatzaren 7ra arte, Musika Eskolan, 15:30-19:30 ordutegian.
Prezioari dagokionez, 115 euro dira –105 euro Musika Eskolako ikasleendako– eta diru hori sartu behar da honako kontu zenbakian: 2101 0070 81 0012342622.
Informazio gehiagorako jo Musika Eskolara edo deitu 943 76 57 80 zenbakira.