Udalbatzak, gehiengoz, 30.229.452 euroko aurrekontu bateratua onartu du 2009rako

Jasone Zabala 2009ko apirilaren 30a

Asteon 2009rako aurrekontuak onartu zituzten osoko bilkuran: denetara, 30.229.452 euro. Aurrekontuok onartu ziren Gobernu taldearen aldeko bederatzi botoekin, EAJ eta PSE-EE alderdien kontrako zazpi botoekin eta EAko zinegotziaren abstentzioarekin.

Aurrekontua 2008koa baino 943.746 euro gutxiagokoa da (%3,7). Kopuru horretatik Udalari dagozkio 26.648.411 euro; Udal Euskaltegiari, 515.939 euro; Mizpirualde zaharren egoitzari, 3.789.297 euro; eta Bihargintza SAri, 1.692.000.
Gastu arruntek, bestalde, gora egin dute 2008arekin alderatuz, batez ere pertsonalari dagokion kopuruak ere gora egin duelako, 2008an baino %9,5 gehiago. Azken horren arrazoia da, ohiko bilkuran azaldu zuten moduan, Udalerako langile gehiago kontratatu direla; besteak beste, Zabalotegiko aretorako eta zazpi udaltzain gehiago. Zorrari dagokionez, aurtengoa %10,78 da, joan den urtean baino %1,62 gutxiago.

Inbertsioak

Inbertsioetarako 5.960.470 euro erabiliko dira, 2008an baino %18,9 gutxiago. Zati handiena Errege Mintegiko elizako obra zibilarendako izango da: "Seminarioko elizan indusketa arkeologikoa egingo da eta ondoren obra zibila; hau da, teilatua, lurra eta paretak konponduko dira", adierazi digu Aitor Goitik, Ogasun batzordeburuak. Bestalde, lursailen hirigintza garapenean San Antonioko San Miguel etxe zaharrak bota egingo dira. Burdiñate, Boni Laskurain eta Matxiategiko garajeak ere konpondu egingo dituztela esan digu Goitik; hirigintzako proiektuetan Amillagako eta Martokoko proiektuak daude. Eta Zubiaurre kaleari dagokionez, aparkaleku berriak sortzeko hainbat lan egingo direla esan du.

EAJ-ren zehaztapenak

Aurrekontuen bozketa egin aurretik, EAJko German Muruamendiarazek hartu zuen hitza eta adierazi zuen urteko laugarren hilabetean gaudela dagoeneko eta aurrekontuak berandu aurkeztu direla, eta saiatu behar dela urte hasieran onartzen. Gehitu zuen 2009ko aurrekontuak 2008koen "fotokopia" direla, baina ahultasunak areagotuta; hau da, gastuek gora egin dutela eta diru sarrera eta inbertsioek, berriz, behera: "8,4 milioi zeuden inbertsioetarako eta horietatik 3,5 milioi onartu dira bakarrik eta horietatik erabili dira 2,1 milioi; bestalde, hirigintzako aprobetxamendurako 0,6 milioi bildu dira, 4,6 milioi biltzea espero zenean". Horregatik guztiagatik, Muruamendiarazek aurrekontu berriak egitea eskatu zuen eta hori bozkatu zen, baina ez zen onartu: PSE-EEk eta EAJk aldeko botoa eman zuten (7 boto), Gobernu taldeak aurkakoa (bederatzi boto) eta EA, berriz, abstenitu egin zen.
Horren harira, Barruso alkateak erantzun zuen esanez 2009ko aurrekontuak konplikatuak izan direla eta lantzea kostatu egin dela, eta hortik etorri dela aurrekontuok aurkezteko atzerapena; baita ere adierazi zuen 2008ko aurrekontuetan diru irteera eta sarreren arteko oreka izan dela nagusi. 

Inbertsio aipagarienak

Errege Mintegiko eliza    2.125.000euro
Hirigintzako lursailak    1.000.000euro
Burdiñateko garajeak    324.600euro
Boni Laskuraineko garajeak    215.000euro
Hirigintza proiektuak    200.000euro
Matxiategiko garajeak    200.000euro
Baserri aldeko urak    200.000euro
Ur zerbitzuko ibilgailuak    190.000euro
Zubiaurreko aparkalekuak    125.000euro
Mugertzako urbanizazioa    80.000euro
Iturria: Bergarako udala

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak