Udalbatzak Errege-Seminarioa eta Arrizuriaga trukatzeko eskaria egitea onartu du

Txomin Madina Milikua 2009ko api. 7a, 18:32
Atzo egin zuten osoko bilkuran hartu zuten erabakia. Aurrekontuak ere atzo eztabaidatu behar zituzten, baina azkenean hurrengo osoko bilkurarako utzi zuten.

26 puntu zeuden denera aurreikusita atzo bergarako udaletxean egin zutren osoko bilkuran, baina zalantzarik gabe, 25. izan zen eztabaida gehien piztu zuena.

Izan ere, puntu honetan planteatu zuten UNED Fundazioari eskatzea Errege-Seminarioaren eta Arrizuriaga jauregiaren  arteko trukea egitea. 15 zinegotzi egon ziren denera osoko bilkuran, eta EAJko laurek kenduta, beste guztiek eman zuten aldeko botoa.

Rafael Amasorrain EAJko zinegotziaren esanetan, ia guztiarekin ados egon arren, ez dute ulertzen zergatik egin behar den trukaketa. Bere ustez, trukaketa egin gabe ere aurreikusitako proiektuak egin daitezke, eta gaineratu zuen, Arrizuriaga inguruko parkea herritarrentzat izatea gura dutela, eta trukearekin ez dutela argi hala izango den. Jeltzaleek uste dute gainera, gaur egun duena leku egokia dela UNEDendako.

Diputazioaren proposamena, onartuta

Beste hainbat gai ere landu zituzten atzokoan: erabaki zuten Udalak, San Migueleko 7 eta 9 zenbakidun etxeak erostea, hauek bota eta babes ofizialeko etxeak egiteko.

Udalak onartu zuen era berean, Bide Azpiegituretarako foru diputatuak luzatutako proposamena onartzea, hau da, Urretxu eta Azkoitia bitarteko errepideen hobekuntza proiektua aztertzeko NIP egitasmoa aurrera eramatea, hori bai, beti ere baldintza batzuk jarrita. Baldintza horiek dira bertan hartutako erabakia loteslea izatea, euskal hiztunekiko errespetua, emakume eta gizonezkoen arteko parekotasuna eta beste ekimen batzuen aurrean ere parte-hartzea bultzatzea.

2009rako aurrekontua ere atzo ziren eztabaidatzekoak, baina  azkenengo momentuko kontuak direla eta, datorren apirilaren 20 edo 27ko osoko bilkuran landuko dute puntu hau.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak