Udalbatzak bat egin du Lamiategi elkartekoen eskaerarekin

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko abe. 22a, 12:47
Udalbatzaren gehiengoa AHTren aurka egon arren, oker deritzote gaur egungo trazatuari, Angiozar bailarari eragingo dizkion kaleteengatik. Hala, nahi dute ADIFeko proiektuen departamenduak eta Eusko Jaurlaritzako planifikazioko departamenduak presazko izaerarekin kontuan har ditzatela euren eskaerak eta beharrezkoak diren gestioak egin ditzatela eskatutakoak gauza daitezen.

Atzo, astelehena, egindako osoko bilkuran Lamiategi elkarteak AHTren trazatuaren harira egindako eskariekin bat datozela adierazten duen idatzia aurkeztu zuen Agurne Barruso alkateak. Idatzi horrek Gobernu taldearen, EAJren eta EAren oniritzia jaso zuen. PSE-EE, berriz, abstenitu egin zen.

Honela dio idatziak: "Udalbatza hau osatzen dugun zinegotziok jarrera kontrajarriak ditugu AHTren proiektua exekutatzeko beharraren eta egokitasunaren aurrean, batzuk guztiz kontra gaudelarik eta beste batzuk alde". Eta jarraitzen du: "Udalbatza hau behin baino gehiagotan agertu da, gehiengoz hala erabakita, AHTren proiektuaren aurka eta jendartean proiektu horren beharraren eta egokitasunaren gaineko eztabaida egin bitartean proiektua gera dadila eskatu du".

Hala eta guztiz ere, Lamiategi elkarteak  trazatuaren gaineko jarrera zehatza eskatu dio Udalbatzari. Hori horrela zera adierazten dute: "Udalbatza osatzen dugun zinegotzion gehiengoa AHTren proiektuaren aurka egonda ere, are okerrago ikusten dugu 2008ko azaroko oinarrizko proiektuan aurkeztutako trazadura eta honetan ados gaude Udalbatza osatzen dugun zinegotzi guztiak". Eta horren harira gehitzen dute: "Honela, 2008ko abenduaren 15ean ADIFek eskatutako hirigintza-txosteneko ondorioak puntuan jaso genuenaren harira, 2008ko urte hasieran aurkeztutako oinarrizko proiektuko sestra  edo nibela, azaroko proiektuko mailaraino jaistea proposatzen dugu eta ezinezkoa balitz, Angiozar auzoaren parean ardatzak lurperatuta gera daitezela bermatu dadila, tunel natural edota artifizialen bidez, puntu horretan egon daitekeen inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin".

AHTrekin batera etor daitezkeen zerbitzuak ere aipatzen ditu testuak: "Eskatzen dugu helipuertoak, obretarako sarbideak, isurtegiak…, ez daitezela landa daitezkeen lurretan egin eta landa-lanerako eskasagoak diren eta herri-guneetatik urrunago dauden lurretara eraman daitezela".

Era berean, Bergarako udalbatzak nahi du ADIFeko proiektuen departamenduak eta Eusko Jaurlaritzako planifikazioko departamenduak presazko izaerarekin kontuan har ditzatela egindako eskaerok eta beharrezkoak diren gestioak egin ditzatela eskatutakoak gauza daitezen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak