Udalak alegazioa egin dio Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordetzari. Hain justu, harek Eduegi baserria monumentu izendapenaz kultura ondasun deklaratzen duen dekretua aldatzeko hasitako espedienteari. Baserriaren babes-araudia aldatu nahi du Jaurlaritzak, AHTrekin bateragarri egiteko. Asteleheneko ezohiko osoko bilkuran onartu zuten alegazio hori, Gobernu Taldearen, EAJren eta EAren aldeko botoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin.
Ez da lehen aldia Udalak Eduegi baserriaren balioaz jabetuta haren aldeko jarrera adierazten duena. Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko monumentuen katalogoan jasota dauka, eta, horrez gain, 2009an eskatu zien –abenduaren 21ean udalbatzak hartutako erabakia– ADIFi eta Jaurlaritzari AHTren trazatua aldatzeko. Hain justu ere, 2008ko azaroko oinarrizko trazatura bueltatzeko eskatu zien. Izan ere, "horrek ekarriko luke Eduegi baserria eta haren ingurua ez ukitzea, eta, ondorioz, dekretua aldatzeko beharrik ez izatea", Udalaren txostenak jasotzen duenez.
Horrekin guztiarekin, Udalak alegazioarekin hauxe adierazi nahi dio Jaurlaritzari: "Aurrekari guztiak kontuan izanda, Eduegi baserriaren inguruan azpiegiturak eraikiz gero baserriari kalte egingo diote, horrek daukan garrantzi historiko-artistikoa preziatzea galaraziko dute-eta, eta baserriko inguruneak landa itxura galduko du, nahiz eta neurri zuzentzaileak sartu". Hori horrela, eskatzen dute Eduegi baserria eta haren ingurua "monumentu moduan mantentzea, hala egin ezean kalte konponezina egingo diotelako herriko monumentu garrantzitsuenetako bati". Eta gehitzen dute kalte egingo diotela, gainera, "kaltea ekiditea posible denean, Udalak 2009ko abenduaren 21ean proposatutako aldaketak bideragarriak direlako".