Udalak eskatu die Batzar Nagusiei Bergararen eta Uned zentroaren alde egin dezatela

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko api. 27a, 13:53
Aldundiak Arrizuriagaren eta Seminarioaren arteko trukea 2011ko irailera arte atzeratzea erabaki duelako egin die eskari hori Udalak Batzar Nagusiei. EAJk izan ezik, Udaleko gainontzeko alderdi guztiek babestu dute eskari hori, hala nola, Gobernu taldeak, EAk eta PSE-EEk. Atzo, astelehena, iluntzean, prentsaurrekoa egin zuten horren guztiaren berri emateko eta esandako alderdietako ordezkariez gain, trukearen alde dauden ehun bat herritar ere batu ziren.

Udalak eskatuko die Batzar Nagusiei Bergararen eta Uned zentroaren alde egin dezala eta horretarako bi eskari zehatz egin diezaiotela Aldundiari: alde batetik, "Seminarioaren eta Arrizuriagaren arteko trukearen aldeko erabakia 2010eko iraila baino lehen" hartu dezala. Eta bestetik, "Data bera baino lehen bi eraikinen arteko trukearen ondorioz egin beharreko inbertsioen planifikazioa aurkez diezaiola Uned Patronatuari bere adostasunerako, betiere, trukea lehenbailehen gauzatzeko".

Eskariok egin dituzte Aldundiak erabaki zuelako Unedeko Patronatuaren azken batzarrean trukearen gaineko erabakia 2011ko irailera atzeratzea.

Gehiengoa, trukearen alde

EAJk izan ezik, udaleko gainontzeko alderdi guztiek egin dute bat eskariok zehazteko orduan, hala nola, Gobernu taldeak, EAk eta PSE-EE eta halaxe adierazi zuten atzo, astelehena, osoko bilkuraren ostean egindako prentsaurrekoan. Hori horrela, mahaiburuan esandako alderdietako zinegotzi bana eseri zen. Hain justu, horixe izan zen Agurne Barruso alkateak azpimarratu zuen gauzetako bat; "ideologia ezberdineko zinegotziak mahai berean batzea", azken baten, "Bergararen eta Uned-eko interesak defendatzeko". Eta gehitu zuen trukea gauzatu arte lanean jarraituko dutela.

Aipatzekoa da, bestalde, ehun bat herritarrek ere parte hartu zutela prentsaurrekoan, Udalaren erabakiarekin bat egiten dutela adierazteko eta trukearen beharra azpimarratzeko.

Mozioa osoko bilkuran

Prentsaurrekoa baino ordu erdi lehenago ohiko osoko bilkura egin zen eta hantxe eman zuten ontzat prentsaurrekora eramandako idatzia. Hain justu, Agurne Barruso alkateak gai zerrendatik kanpo aurkeztutako mozioa izan zen. Hori horrela eta prozedurak zehazten duenez, gai-zerrendan sartu ala ez bozkatu zuten lehenengo eta baiezkoa atera zen Gobernu taldearen eta EAren aldeko 10 botoekin; EAJren ezezko bost botoekin eta PSE-EEren abstenzioarekin (bi zinegotzi bakarra egon zen bilkuran).

German Muruamendiarazek EAJ alderdiaren izenean esan zuen gaia "hurrengo osoko bilkura baten" aztertu nahi zutela, "mozioa bilkura aurretik jaso eta irakurtzeko astirik ez" zutelako izan. Alkateak mozioa irakurtzeko etenaldia eskaini zien arren, EAJkoek ez zuten ontzat eman "seguruenik kontra-mozioa" aurkeztuko dutelako.

PSE-EEren abstentzioari dagokionez, Javier Garrai zinegotziak azaldu zuen "bi aste atzeratu daitekeela erabakia, eta ezohiko bilkura deitu".

Horrekin guztiarekin ere, alkatearen mozioa gai-zerrendan sartu eta bozkatu ostean onartu egin zuten emaitza honekin: Gobernu taldearen, EAren eta PSE-EEren aldeko 11 botorekin eta EAJren kontrako bost botorekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak