Udalak berriz adjudikatuko ditu Domingo Irala kaleko lanak

Goiatz Arana Begiristain 2007ko apirilaren 3a

Ozio enpresak Domingo Irala kalean orain arte egin dituen lanak likidatu eta gelditzen diren obrak berriro adjudikatzea erabaki du Bergarako Udalak. Orain arteko lanak egin dituen Ozio enpresak proposamen bat egin dio Udalari, baina horrek ez du onartu.

Ozio enpresak esan dio Udalari egiteke dauden lanak kopuru jakin baten truke egingo dituela; Udalak obra zuzendariari pasa dio proposamen hori eta hark esan du diru gutxiagorekin egin daitezkeela lan horiek. Izan ere, Oziok proposatutako diru kopurua, hasierako aurrekontua baino handiagoa da, eta obra zuzendariari kasu eginez, Udalak erabaki du eskaintza baztertzea.

Adjudikazioa

Erabaki horrekin batera, egiteke gelditu diren lanak berriro adjudikatzea ere pentsatu du Udalak, eta premiazko bidea jarraituko du horretarako. Ahalik eta lasterren ordainduko dio Ozio enpresari orain arte egindako lanengatik eta, lanak likidatu ostean, premiazko adjudikazioa egiteko bidea hartuko dute: baldintzen pleguak idatzi eta lehiaketa publikoa deitu.

Pare bat hilabete geldi

Premiazko bideak jarraitu arren, prozesuak epe jakin batzuk bete behar ditu, ordea, eta, beraz, hilabete pare bat pasako dira Domingo Irala kaleko lanak beste enpresa bati esleitu eta hura lanean hasi orduko. Atzerapenak atzerapen, Victoriano Gallastegi alkateak esan du enpresa berriari eskari zuzena egingo diotela galdutako denbora berreskuratzen saia daitezen.

Egiteko lana

Domingo Iralako lehen faseko lanak egiteko ardura zuen bere gain Lasarteko Ozio enpresak: Irizar kaletik Telefonicara bitarteko zatia altxatu behar zuen, 1,4 milioi euroko aurrekontuarekin. Enpresa eraikitzailearen beraren ordainketa etendura dela-eta, martxoaren hasieratik geldirik daude lanak, ordea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak