Udal zergak batez beste %3 igoko dira eta aldaketak urari dagokionean

Edu Mendibil 2007ko urr. 31a, 11:03
Udal gobernua osatzen duten EAE eta Aralar alderdien eta oposizioan diren EAJ eta EAren babesarekin onartu zituzten astelehenean 2008. urterako ordenantza fiskalak. PSE-EE alderdia abstenitu egin zen bozketan.

Hainbat salbuespenekin, %3ko igoera aplikatu da kasu gehienetan. Hala ere, hainbat salbuespen izango dira: ekonomia jardueren gaineko zerga %3,5 igoko da, Mizpirualdeko egoitzarenak ere %3,5eko igoera izango du, kanposantukoak %5 eta estolderiarenak %5,5.

Aldaketak uraren zergan

Uraren tasan izango da berrikuntzarik aipagarriena. 40 m3-ko kontsumoa ordaintzen zen orain arte eta aurrerantzean, 10 euro ordainduko dira hiru hilabetetik behin kontadorea izatearren eta hortik aurrera m3 bakoitza 0,90 euro kobratuko da (50 m3ra arte). Kopuru horretatik aurrera, 1,45 euro balioko du m3ak. Minimoen sistematik kontsumitutako kopurura da jauzia. Ogasun zinegotzi Aitor Goitiren arabera, "kontsumoa jaistea da helburua. Horren arabera, 1.700 abonatu inguruk orain baino gutxiago ordainduko dute eta 1.200 bat abonatuk gehiago ordaindu beharko dute".

Agorrosingo tasak

Agorrosingo tasek eztabaida piztu zuten. Autofinantzaketa zenbatekoa den jakin nahi izan zuen EAJko German Muruamendiarazek, eta udal gobernuak %40 inguruan dagoela erantzun zuen. Horren ildora, tasak zertxobait igotzea komeniko litzatekeela proposatu zuen Muruamendiarazek, "zuloa gero eta handiagoa ez izateko". Goitiren arabera, mantentze-lan eta bestelako gastuak handiak dira luxuzko instalazioa egin zelako, eta horren aurrean fideltasuna igotzea –bazkide gehiago lortuz–, eta gastu korronteak jaistea dira helburuak. Tarifek, berriz, ez dute igoerarik izango, baina badira nobedadeak: igerilekua erabiltzen dutenek 15 euro ordaindu beharko dute hilero, sauna eta spa zerbitzuengatik 10 euro hilero eta biak erabili nahi dituztenek 18 euro, orain arte bezala. Bestalde, urte osoko txartela ateratzen dutenek 11 hilabete ordainduko dituzte, eta ez 12 orain arte moduan.

Mozio alternatiboa

Bestalde, azkenaldian atxilotutako 19 militante abertzaleren inguruan mozioa aurkeztu zuen EAEk, baina aurretik EAJk gai horren gainean egindako mozio alternatiboa onartu zuten denek, PSE-EEk ezik. "Alderdi politikoen legea bertan behera uztea, eta batzea oinarrizko eskubidea izanda, bilerak gauzatzeagatik atxilotutakoak aske utzi behar dituztela" jasotzen da. Esplikazioan zera gaineratu zuen Agurne Barrusok: "Nahiz eta mozio alternatiboan hutsuneak egon, guretako aho zabal batez onartzea inportantea da". Hala, alkateak PSOEri leporatu zion independentismoaren kontrako politika.
Joan den urriaren 14an hainbat herritarrekin Ertzaintzak izandako jarrera gaitzetsi zuten EAEk eta Aralarrek idatzi baten bitartez.

San Martinekoekin eztabaida

Erregu eta galderetan eztabaida luzea izan zen San Martin eskolako ordezkariekin. Euren egoera larria dela eta behin betiko soluzioa topatu eta informazio falta salatu zuten, besteak beste. Udalak benetan arazoa konpontzeko borondaterik duen zalantzan jarri zuten. Alde guztiak batuko dituen mahaia lanean hasteko ordua dela adierazi zuten publikotik, eta "Aranzadiren arazoa euren arazo" bihurtu dutela. Udal gobernutik, berriz, arazoa konpontzeko lanean dihardutela esan zuten.

Zergak

Uraren zerga
Lehen 40 m3 gutxieneko kontsumoa ordaintzen zen. Kontsumitutako m3 bakoitza kobratuko da aurrerantzean, 0,90 eurotan (50 m3ra arte). Hortik gora, 1,45 euro balioko du m3ak.

Agorrosin
Tarifak ez dira igoko baina badira nobedadeak: 15 eurokoa izango da hileroko tarifa igerilekurako  eta 10  eurokoa sauna eta sparako. Biak erabili nahi dituztenek 18 euro, orain arte bezala.

Zaborrak
Mankomunitatearen proposamena tasa %13,9 igotzea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak