BErBak, Bergarako euskaltzaleon bilguneak, Udal ordenantzen proposamena garatu du azken hilabeteetako lanaren ondoren. Pauso berri bat Bergara euskalduntzeko lelopean, 2007an egindako Udal Hizkuntza Politikaren azterketaren emaitzen ondorioz sortu zen ordenantzen beharra eta ordutik Berbak lanean jardun du horiek garatzen. Behin ordenantzen proposamena garatuta, irailean zehar herriratze kanpaina egingo da, ordenantzak ezagutarazi eta herritarren babesa edo atxikimendua jasotzeko. Irailaren 13an, San Martinetako azokan, goizeko 11etatik aurrera izango da atxikimendua emateko aukera. Azken pausua ordenantzen proposamena eta jasotako atxikimenduak Udalari aurkeztea izango da. Hori urrian izango da. Zapatuan, jendeari esku orri batzuk banatuko zaizkio Udal ordenantzen garapenaren nondik norakoa azalduz.
Euskararen ordenantzak
Ordenantzak, Bergarako herrian euskararen ezagutza eta erabilera zabaldu eta indartzeko Udal arauak dira. BErBako arduradunen arabera, euskararen ordenatzek batez ere ondorengo alorretan izango dute eragina. Alde batetik, herritarrok ahozko eta idatzizko harremanak euskaraz izateko neurriak hartuko ditu Udalak honako lekuetan:Udalean, osasun publikoan, medikuntza zerbitzu pribatuetan, justizia sail guztietan, Ertzaintzan, notario jardueran, jabego erregistroan, posta zerbitzuan eta erregistro zibilean. Bestetik, Udaleko lanpostu guztiei hizkuntza eskakizuna jarriko zaie eta, euskaraz zerbitzua emateko maila bermatuko da. Gainontzeko administrazio eremuetan eta menpeko erakundeetako harremanak euskaraz izatea eskatuko da. Azkenik, interes orokorreko zerbitzuak eskaintzen dituztenak: merkataritza , enpresak, komunikabideak, besteak beste. Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak diren pertsonen hizkuntza eskubideak bermatu beharko dituzte.