Udal Musika Bandak eta Orkestra Sinfonikoak Kubara bidaiatuko dute egubakoitzean

Jasone Zabala 2009ko otsailaren 17a

Udal Musika Bandak eta Orkestra Sinfonikoak Aratusteetako kontzertua eskainiko dute egubakoitzean, Udal Pilotalekuan, 22:30ean. Aurtengo ekitaldirako erabaki duten gaia Kuba izango da, eta 'Cuba 2x1' deitu diote ikuskizunari. Sarrerak 5 euro balio dute eta aldez aurretik Lazkano oinetako dendan eta Kultura Etxean erosi daitezke; eta kontzertuaren egunean bertan, 21:30etatik aurrera Udal Pilotalekuko leihatilan.

'Cuba 2x1'

Zuzendaria lanetan Alfredo Gonzalez Chirlaque arituko da, eta hark adierazi digu gaia aukeratzerako orduan jantziaren erraztasuna begiratzen dutela: "Saiatzen gara gai erraz bat aukeratzen, musikariek egin behar dituztelako jantziak; gainera Kuba, musika eta erritmoa eskutik doaz beti baita kolore biziak ere. '2X1', bidaia agentziek egiten dituzten eskaintzekin lotu dugu". Egitarauak bi zati izango ditu: lehenengo zatian, Udal Musika Bandak hiru lan eskainiko ditu: Concert Prelude (P. Sparke), La isla de las perlas (P. Sorozabal) eta Aratusteetako dantzak (Herrikoia). Azken horren barruan lau izango dira eskainiko dituzten abestiak: Pastelero, Galtzaundi, Iriyarena eta Praiskuarena. Ondoren, Orkestra Sinfonikoak bi lan eskainiko ditu: Juramento (M. Matamoros) eta Bachanale (C. Saint-S aens). Ikuskizunaren bigarren zatia, Udal Musika Bandak eta Orkestrak –Tropicana Orkestra– 'Cuba 2x1' ikuskizuna eskainiko dute. Ikuskizunean, lau lan eskainiko dituzte: Saba (Herrikoia); El camison de Pepa (Compay Segundo); Contigo Aprendi (Armando Manzanero) eta laugarrena eta azkena, Amor Narcotico (Chichi Peralta). Azken honetan Bergarako Areto Dantza taldeko bederatzi bikotek hartuko dute parte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak