Udal Gobernuaren asmoen kontra agertu da EAJ

Arritxu Barruso 2008ko mar. 5a, 17:48
Bergarako Udal Gobernuak herrirako proposatu berri duen plan orokorraren kontra egiteko EAJk bere argudioak azaldu ditu. Adituriuma, esaterako, Errege Mintegian egitea proposatzen dute EAJkoek, kokalekua ezin hobea delako eta bertako elizan beste ezer egitea zaila ikusten dutelako.

Errege Seminarioaren jabetza berreskuratu nahi du egungo Udal Gobernuak eta bertan kokatu museoa, UNEDeko hainbat jarduera eta Aranzadi Ikastola osoa. UNEDeko gainontzeko jardueran Arrizuriaga jauregira eroatea da euren asmoa.

 

EAJk, berriz, joan den agintaldian Errege Mintegian aditoriuma egiteko proiektua garatu zutela-eta horrekin aurrera egiteko eskatzen dio Udal Gobernuari. UNEDa Errege Mintegitik kentzeak, gainera, Espainiar Estatuak honi egindako lagapena kolokan jarri dezakeela uste dute. Bestetik aditoriuma egiteko herriko plaza toki ezin hobea dela diote, herriko kaleak berpizteko balioko duena.

 

Aditoriuma Miguel Altuna Lanbide Heziketako institutuan egitea proposatzen du Udal Gobernuak. EAJkoek ez dute begi honez ikusten proiektu hori, Miguel Altuna Institutua 2011. urtera arte ez delako hustuko, eta aditoriuma ahalik eta azkarren egin behar dela uste dutelako. German Muruamendiarazek azaldu zuen, bestetik, aurreko agintaldian milioi bat eta zazpiehun mila euroko diru laguntza lortu zutela Diputaziotik auditoriumaren proiektua aurrera eramateko, eta diru hori ezin dela galdu.

 

Arrizuriaga jauregian, bestetik, UNEDa beharrean Udal liburutegia kokatzea proposatzen dute EAJkoek, parke eder batek inguratzen duelako eta argi natural handia duelako.

 

Herriko hezkuntza mapa ere proposatu dute EAJko kideek, Aranzadi Ikastola eta San Martin eskolaren epe luzerako beharrei erantzuteko. Martinez de Irala eraikina bere osotasunean eskola publikoaren esku uztea planteatzen dute. Aranzadik, bestetik, 2011. urtean Migel Altuna Institutuan kokatuko lituzke behar dituen gelak.

 

Aparkaleku faltaren arazoa larria dela-eta berehalako irtenbide bat topatu behar dela ere esan zuten. EAJkoek eskatu zuten Errege Mintegiko patiopean 225 autorendako aparkalekua egiteko orain dela urte batzuk garatutako proiektuarekin aurrera jarraitzeko. Zukiako aparkalekuak, bestetik, saldu beharrean aparkaleku publiko bihurtzeko ere eskatu zuten.

 

Herriaren zati garrantzitsu baten etorkizunerako planifikazioa hori egiteko beharrezkoak diren azterketak egitea eskatzen diote Udal Gobernuari. Bergarako errealitateari eta baliabideei egokitutako planak eta proiektuak lantzea ere eskatu diote; 15.000 biztanleko herri bat dela kontuan hartu behar dutela esan zuen Muruamendiarazek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak