Besteak beste, Maite Guridi Udal Euskaltegia Fundazio Publikoaren lehendakaria, Alex Labaien Udal Euskaltegiko zuzendaria, irakasleak eta euskaltegiko langileak izan ziren Zabalotegin egindako aurkezpenean.
Egizu euskaraz! Nahi baduzu... egingo duzu lelopean, ohiko eskaintzaz gain (EGA eta alfabetatze ikastaroak) hainbat berritasunarekin dator ikasturte berria. Esate baterako, orain arte 17 urtetik gorako ikasleei zuzendutako eskolak izan badira, ikastetxeetako hizkuntza errefortzuaren osagarri gaztetxoendako eskolak izango dira aurten. Etorkin kopuruaren gorakadak bultzatu du euskaltegia eskaintza hori egitera. Bestalde, tutoria eskolen garrantzia ere azpimarratu zuen Labaienek, "ikasleen jarraipen zuzenagoa egin ahal izateko".
Era berean, autoikaskuntza ikastaroa (Internet konexioa besterik eskatzen ez duena) eta Boga programa informatikoa (eskolako lanaren osagarri) eskaintzen die ikasleei Udal Euskaltegiak, eta etorkinendako ikastaroak eta Bergarako euskara ikasteko ikastaro bereziak ere izango dira.
Bergarako beste zenbait talderekin batera bultzatzen duen Berriketan ekimenarekin ere jarraituko du Udal Euskaltegiak, euskaldun zaharrak eta berriak elkartuz. Euskaltegiko 16 ikaslek eta zazpi ikasle ohik hartu zuten parte joan den ikasturtean.
Azken 25 urteotan ikasle kopurua 150-200 ikasleren bueltan kokatu dela adierazi zuen Alex Labaienek. Iaz 166 izan ziren, 16 taldetan banatuta. Batez besteko adina 39,7 urte zen eta emakumeak ziren nagusi (%67).
Borondatea da giltza
"Kanpainako leloak adierazten duen moduan, borondatea da giltza euskara ikasteko", esan zuen Labaienek.
Azkenik, 25. urteurrena ospatzeko kultur egitarau zabala gertatzen dihardutela esan zuten Euskaltegiko arduradunek eguazteneko prentsaurrekoan.