Udako Gauak programa jarriko da martxan bariku honetan bertan

Txomin Madina Milikua 2007ko uztailaren 4a

Uztailean zehar, ostiralero jazz kontzertuak eskainiko dituzte. Ibarreko taldeek ere izango dute euren tartea: uztailaren 13an Arrasate Musikaleko Big Band taldea taularatuko da. Abuztuan, San Martin plazan, zine emanaldiak izango dira protagonistak.



Musika kontzertuetan, jazza izango da nagusi, eta uztailean zehar, barikuro musika talde batek kontzertua eskainiko du gaueko hamar t’erdietan  Espoloian. Bariku honetan bertan, Los Inquilinos Quintet izeneko boskotea igoko da taula gainera, jazz musikaren ohiko erritmoak eta erritmo abangoardistagoak nahastuz.

Ibarreko ordezkaririk ere ariko da bertan Udako Gauak programan, eta hala, uztailaren 13an Arrasate Musikaleko Big Band taldea izango da kontzertua eskainiko duena. Jazzaz gainera, beste hainbat erritmo ere entzun eta dantzatu ahalko dira euren emanaldian.

Arrasatekoak gustura daude gainera kontzertua emateko aukerarekin, izan ere, jazza edota swinga bezalako doinuak, ez dira oso ezagunak gure artean.

3. kontzertua, uztailaren 20an izango da, eta Mr Dixie Jazz Banda ariko da bertan.  Coruñakoa da taldea, eta Mississippiko eragina duen jazz klasikoa lantzen dute. 4. eta azken kontzertua astebete beranduago izango da, hilaren 27an. Musikeneko bost ikaslez osatutako Five Hot Project taldeak arduratuko da gau hori animatzeaz.
 
Uztailean protagonista musika izango bada, abuztuan herriko plazan egingo diren zinema emanaldiak izango dira nagusi. 5 izango dira emanaldiak denera: abuztuaren 2an Eutsi! filma ikusi ahalko da, 9an, Una verdad incomoda, 6an, Mozart txakurra, 23an Una noche en el museo, eta 30ean Ekilade ekilade.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak