Udaberriko kontzertua: musika eskolako 25. urteurreneko ekitaldi potoloena, zapatuan

Mireia Bikuña 2009ko mai. 13a, 18:14
Musika eskolako taldeekin batera, herriko beste hainbat talde eta abesbatza igoko dira taula gainera; hain justu ere, Alai taldeak, Aritzeta Abesbatzak, Bergarako Orfeoiak, Gabero Abesbatzak, San Joxepe Abesbatzak, Bergarako Orkestra Sinfonikoak eta Udal Txistulari Bandak parte hartuko dute. Emanaldia 19:30ean hasiko dute, eta aurretik Udal Txistulari Bandak eta Trikiti taldeak kalejira egingo dute kalerik kale. Emanaldia bukatu ondoren afaria egingo dute. Parte hartzeko txartelak salgai dituzte musika eskolan bertan.

25. urteurreneko kantua

Udaberriko kontzertuan oso ezagunak diren kantuak joko dituzte talde guztiek, baina bat berezia izango da: alegia, Bergarako Orkestra Sinfonikoko eta Udal Musika Bandako zuzendari Alfredo Gonzalezek 25. urteurrenerako konposatutako abestia. Bergarako futbol taldeko entrenatzaile Manu Diazek idatzi du letra. Musika Eskolako ikasleek eta Bergarako Orkestra Sinfonikoak bat egingo dute kantu berria abesteko. Horren aurretik musika eskolako martxa abestuko dute Alberto Laskurainen zuzendaritzapean. Bestalde, Mikel Laboaren Txoria txori kantuaren bertsioa egingo dute kontzertuan parte hartuko duten abesbatzek eta musika eskolako instrumentu taldeak. Alain Sanchok egin du Laboaren bertsioa.

Egitaraua

Egitarauaren arabera musika eskolako hainbat taldek hasiko dute kontzertua:  hain zuzen ere, suzuki eta trikiti taldeek eta hasiberrien abesbatzak. Ondoren Gabero Abesbatza igoko da taula gainera. Txistu taldeak egingo duen saioaren ondoren, Alai musika taldeak, akordeoi orkestrak, Aritzeta abesbatzak, musika eskolako haurren abesbatzak eta orkestrak egingo dute euren emanaldia.
Udaberriko kontzertuko azken zatian Bergarako Orfeoiak, musika eskolako gazte bandak eta San Joxepe Abesbatzak abestuko dute.

Gonbidapena

"Kontzertu berezia izango da, eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu. Emanaldiaren ondoren afaria egingo dugu, eta txartela erosita, nahi duen guztiak har dezake parte. Lan asko egin dugu kontzertua prestatzen eta emaitza ona izango dela espero dugu", esan digu Musika Eskolako zuzendari Marije Ugaldek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak