Musika Eskolak Udaberriko kontzertua egingo du hilaren 16an, 19:30ean, Udal pilotalekuan. Saioa berezia izango da, jai bihurtzeraino. Izan ere, 25. urtemuga ospatzen dihardu Musika eskolak eta ospakizun horren bueltan jardungo du datorren zapatuko kontzertuak.
Alde batetik, herriko hainbat talde gonbidatuk emanaldia egingo dute: Aritzeta Abesbatza, Bergarako Orfeoia, Gabero Abesbatza, Bergako Orkestra Sinfonikoa eta txistulari banda.
Taldeok emanaldia egingo dute. Horrez gain, Musika Eskolak dituen talde guztiek ere egingo dute saioa eta amaieran, talde guztiek elkarrekin Mikel Laboaren Txoriak txori egingo dute.
Bestetik, Alfredo Gz. Chirlquek urtemugarako abestia konposatu du eta hitzak Manu Diezek egin ditu. Abesti hori ere kontzertu egunean aurkeztuko dute orkestrak eta eskolako taldeek.
Kontzertuaren ostean, afaria egongo da pilotalekuan eta herritarrak gonbidatu nahi dituzte Musika Eskolako kideek. Afaritarako izena eman behar da Musika Eskolan, 17:30-19:30 ordutegian.
Prezioaren kasuan, nagusiek 18 euro ordainduko dute kontzertuko txartela eta afaria eta haurrek, 7. Kontzertuko txartela soilik, 5 euro izango da helduendako eta 3, 12 urtera artekoendako.