Uberako ermita konpontzeko proiektua onartuta dute dagoeneko

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko urt. 22a, 10:01
Uberako ermita konpondu egingo dute. Auzo batzarrak onartu zuen lehenengo asmoa eta dagoeneko proiektua eta gutxi gorabeherako aurrekontu bat ere eginda dute. Gotzaindegiari eta Aldundiari eskatu diote dirulaguntza ermita berriztatzeko, baina auzolana ere egingo dute.

Egurrezko santuak

Ermitaren erretaula, adibidez, Aldundiaren laguntzarekin berriztatuko dute: "San Emeterio eta San Celedonio santuak daude ermitan, egurrezko irudiak dira, eta horiek ere konponduko ditugu", azaldu digu Jesus Elortza Uberako auzo alkateak. "Horrez gain, ermitak egurrezko posteekin egindako itxitura du; kanpotik barrua ikusten da, eta barrutik kanpoa. Euria egiten duenean ez gara bustitzen, baina kanpoko tenperatura bera egiten du barruan. Itxitura hori duten ermita bakarrenekoa da, eta hori ere kontserbatu nahi dugu. Horretarako, asmoa dugu poste horiek beste material batekin babestea eta kristala jartzea", jarraitu du Jesus Elortzak.

Hezetasuna kendu

Horrez gain, hezetasuna ere kendu nahi diote ermitari. "Ermitaren atzealdean lur asko dago, eta hori kendu egin beharko dugu, akaso. Bestalde, paretak nola dauden ere aztertu behar dugu eta lurzorua ere aldatu nahi dugu. Beste baldosa batzuk jarriko ditugu gero akaso. Lan horiek auzolanean egingo ditugu", azaldu du Uberako auzo alkateak.
Jesus Laskurain aparejadore bergararrak egin du konponketaren proiektua. "Dirulaguntzak ere eskatu ditugu, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso. Ez nago ziur aurtengo aurrekontuetan sartu dituen Aldundiak edo ez", argitu du Jesus Elortzak.

Ermitaren ardura auzoko baserriek eramaten dute txandaka, hiruk aldiro, eta horiexek arduratzen dira garbitzeaz, zabaltzeaz eta ixteaz edo inguruak txukuntzeaz, adibidez. Iraileko lehen domekan ospatzen dute ermitako jaia eta, mezaz gain, auzo bazkaria egiten dute, ermita barruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak