Txotxongiloen Mostraren hamargarren edizioa Bergaran, gaur hasi eta domekara arte

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko urr. 22a, 11:59
Bi urtean egiten den Nazioarteko Helduendako X. Txotxongilo Mostra heldu da Bergarara, Taun Taun antzerki taldearen eskutik eta Bergarako Udalaren laguntzaz. Zortzi ikuskizun izango dira, herriko gune ezberdinetan: San Martin plazan, Zabalotegi aretoan eta gaztetxean, besteak beste. Aurten ez dago Pol-Pol taberna, eta beraz, ez da ohiko emankizunik egongo.

Bi urte pasa dira dagoeneko. Bueltan dator, Taun Taun antzerki taldearen eskutik, X. Txotxongilo Mostra. Lehena 1991n egin zen. Ordutik Euskal Herriko eta Espainiako antzerki panoraman hutsune interesgarri bat bete izan du. Izan ere, Bergarakoa ikusle helduari begira pentsatutako Espainiako txotxongiloen lehen mostra izan zen.
Salbuespenak salbuespen, bi urtean behin antolatu du Taun Taun antzerki taldeak Txotxongilo Mostra, Bergarako Udalaren laguntzaz. Ibilbide luzekoa da eta normalean, arrakastarik ez duten ekimenek ez dute hainbat urtetan irauten. Eta are gutxiago 21 urte luzetan.

Magia duen jaialdi berezia
Mostra Taun Taun taldeko kideen txotxongiloekiko zaletasunaren emaitza da. Jaialdi berezia da, eta magia osagai garrantzitsua du. Ez du inor axolagabe uzten: ez bisita egiten duen konpainia, ez artista, eta noski, ezta ikuslea ere. Ikusleen artean, antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko asko dira bi urtean behin ematen den zitari hutsik egiten ez diotenak.

Bereziki helduendako
Familian gozatzeko ekimena da,  baina bereziki helduendako. Eta kalitate altukoa, nazioarteko artista onenak batuko dira-eta gaur hasi eta domekan amaituko den mostran. Gainera, eta formatu txikiko mostra denez, esperientziak elkartrukatzeko topaketa gune bilakatzen da. Izan ere, aste bukaeran zehar jatorri ezberdinetako artistak ezagutza eta ideiak elkartrukatzeko aukera izango dute. Taun Teatroarentzat ere esperientzia aberasgarria da, noski.
Zortzi ikuskizun izango dira. Bergarako txoko ezberdinak hartuko dituzte txotxongiloek: San Martin plaza, Zabalotegi aretoa eta gaztetxea bereziki. Hala ere, mostrako azken ikuskizuna, En La Lona taldearen Exodo lana –goiko argazkian–, kalean bertan izango da, 21:30etik aurrera.
Hitzordu guztiz gomendagarria da mostra, beraz. Are gehiago, helduek irudimena garraiobide hartuta, bidai ahaztezin bat egin dezaten zortzi txartel, zortzi ikuskizun, eskaintzen ditu-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak