“Txomin, ororen gainetik, memoria zen niretzat, ni orduan deskubritzen ari nintzen mundu baten lekukoa”. Hala idazten du Anjel Lertxundi idazleak, Txomin Amasorrainen jaiotzaren ehungarren urteurrenean haren bizitzaren gainean familiak argitaratu duen liburuan, gerra osteko euskaltzaletasuna eraikitzeko bidean, Txomin Amasorrainen lanak izan zuen garrantziari erreferentzia eginaz.
Txomin Amasorrain, Arrasaten jaio zen baina txikitan joan zen haren familia Bergarara bizitzera, eta bertan eman zuen bizitza osoa. Irakaslea, euskaltzalea, argazki zalea eta argazkilaria, pelikulagilea, antzerki munduan eta idazle lanetan ere zeresana eman zuena…Familiak, Txomin Amasorrainek egindako lanaren isla, erakusketa bat prestatu du eta Aroztegi aretoan ikusgai egongo da egubakoitzetik aurrera.
Hark ateratako milaka argazkietatik aukeraketa bat egin dute eta horietatik 50 bat ipiniko dituzte erakusgai Aroztegin. Garai hartan argazkiak ateratzea ezohikoa izanda ere, Ramon Amasorrainek adierazi digu, apartekoena, argazkiek duten kalitate ona dela. Baina argazkiez gain, filmak ere grabatzen zituen, eta hori ere erakutsiko dute aroztegin.
Antzerkiaren arloan egin zuen lana ere islatuko du erakusketak, izan ere, 1965ean, Ernai antzerki taldea sortu zuen Juste Amenabarrekin batera, oraindik ere frankismoaren jazarpena euskararekiko eta euskal kulturarekiko ikaragarria zenean. Bergarako Urretxindorrak taldearekin ere lan handia egin zuen Amasorrainek, letren euskaratzean eta egokitzapenetan. Bestetik, Zeruko Argian idazten zituen Izkirimiriak deituriko idatzi motzak ere izango dira erakusgai Aroztegin.
Erakusketa zabaltzearekin batera, liburu bat argitaratu du familiak. Liburuan, haren euskaltzaletasunak pisu handia hartzen du.
Sistema hori ere ipini dute erakusgai gainera. Aroztegi aretoan ipiniko duten erakusketak, egubakoitzean zabalduko ditu ateak, arratsaldeko 19:30ean eta San Martinak arte izango da ikusteko aukera.