Txapa Irratiaren 25. urteurreneko jai handia hilaren 21ean egingo dute

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko aza. 16a, 11:48
Txapa Irratiak sortu zeneko 25. urtemuga ospatzen dihardu urte osoan barrena. Horren barruan, gaur hasi eta domekara arte irratsaio bereziak eskainiko dituzte. Hain justu, askotariko kontzertuak entzuteko aukera egongo da FMko 97.25ean, Txapa kontzertu zaharrak deitu duten atalean. Horrekin batera, zapatuan, hilak 21, urteurren jai handia egingo dute.

Jai horretan 2009-2010 denboraldiko programazioa aurkeztuko dute eta baba-jan herrikoia ere egingo dute. Antolatzaileen esanetan, mahaiaren bueltan batu nahi dituzte "25 urteotako ibilbidean irratian jardun duten pertsonak, uhinen beste aldean belarria jarri dutenak, eta baita asanbladako kideak ere". Bazkarirako txartelak salgai daude, dagoeneko, 5 eurotan, Arrano, Etxagi eta Pol-Pol tabernetan.

25 urte, eta sasoi betean

Txapa sortu zela 25 urte pasatu diren arren, irratiko kideek "oraindik komunikabide ez komertzial, libre eta herriko baten sinisten" dutela azaldu dute: "Gaur egun, komunikabideak inoiz baino garatuago daudenean, telebistan inoiz baino kate gehiago ditugunean, pertsonen arteko komunikazioan gero eta gailu gehiago ditugunean, Internet bidez informazioa gero eta gertuago dugunean, oraindik ere Txapa irratiak zentzua duela uste dugu", esan dute.

Bestalde, "garaiak beste batzuk" direla aitortu arren, Txapako uhinen bitartez "garrasi egiteko beharrak bere horretan" jarraitzen duela gehitu dute: "Duela 25 urte irratia sortu zutenek beste garai bat bizi izan zuten. 80ko hamarkadan euren garrasiak, musika, umorea, ironia eta ideiak transmititzeko beharra sentitu eta irratia sortu zuten, txapa ematen hasiz. Guk, gaur egun, testuinguru erabat ezberdinean, beste behar batzuk dauzkaguagian. Irrati pirata izatearen zentzua erabat aldatu da, eta teknikoki ere errazagoa da, baina garrasi egiteko beharrak, gurea den komunikabidea izateko beharrak, bere horretan jarraitzen du", esan dute.

Txapako kideek aitortzen duten moduan, 25 urteotan "irratia oso modu ezberdinean bizi izan duten pertsonak igaro dira estudiotik, zein asanbladatik. Denetarik egon da eta aniztasun horrekin batera joan da irratia ibilbide gorabeheratsua egiten".
Kontuk kontu eta bizipenak bizipen, 25 urte egin digu Txapa irratiak, eta, sasoi betean dagoela erakutsiz, programazio berria ere aurkeztuko du zapatuko jaian.

Programazio berria

2009-2010 denboraldian hamar irratsaio propio eta Arrosa irrati sareko beste hainbat entzuteko aukera egongo da Txapan.

Irratsaio propioen kasuan, besteak beste, Berbenir saioan jazz, flamenko, bossa nova… bezalako doinuak entzun ahal izango dira astelehenetan, 20:00etan. Martitzenetan, hilean behin, mitoen gainekoak azalduko dituzte Mithaka saioan, 21:00etan; eta 22:00etan, berriz, Kanpora begira irratsaio internazionalista emitituko dute. Egubakoitzetan, 00:00etan, literatura musika… izango dute hizpide Itzali telebista programan. Gure paradisuan, berriz, eguraldiaren gaineko gorabeherez jardungo dute, ilberri, ilgora, ilbete eta ilbehera egunetan, 19:30ean.

Arrosa irrati sareko irratsaioei dagokienez, entzun ahal izango dira Info 7, Hala Bedi eta Tas Tas irratietako hainbat saio, asteko zazpi egunetan.

Irratsaio bereziak FMko 97.25ean

16, astelehena

21:30 2009-2010 programazioaren aurkezpena.
23:00 Txapa kontzertu zaharrak: Sexty Sexers.

17, martitzena

21:30 Txapa irratiaren historia.
23:00 Txapa kontzertu zaharrak: Hand-ons.

18, eguaztena

21:30 Itxungi eta Kkinzona irratietako kideekin solasaldia.
23:00 Txapa kontzertu zaharrak: Willis Drumond.

19, eguena

21:30 Mahai-ingurua: Komunikabideak gaur egun.
23:00 Txapa kontzertu zaharrak: Anestesia.

20, egubakoitza

23:00 Txapa kontzertu zaharrak: Royal Canal.

21, zapatua

12:30 Txapa-poteoa txarangarekin.
14:30 2009-2010 programazioaren aurkezpena, gaztetxean.
14:45 Baba-jana, gaztetxean.
23:00 Txapa kontzertu zaharrak: Ama Say.

22, domeka

23:00 Txapa kontzertu zaharrak: Txaparrada musikala.

OHARRA: Aste osoan antzinako irratsaioak emitituko dituzte, 16:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak