Txapa Irratiak hasi du denboraldi berria. Produkzio propioko 10 programa daude egitarauan, batzuk berriak eta beteranoak beste batzuk. Gainerako orduak Arrosako, Euskal Herriko irrati sarea, irratsaioekin, antolatzen dituen kontzertuekin eta elkarrizketekin betetzen dituzte.
Irratia eta zaletasuna
Txapa Irratiak 25 urte beteko ditu 2009ko azaroaren 20an. Hile honetan hasi duten denboraldian 15-20 lagun dabiltza, denak boluntarioak. "Horietako batzuk esatariak dira, beste batzuk arlo teknikoaz arduratzen dira, irratiaren mantenuaz eta interneteko orria eguneratzeaz, adibidez, eta beste batzuk kontzertuak antolatzen aritzen dira", dio Txapa Irratiko Iñigo Herrerosek. "16 urtetik 36 urte bitarteko bergararrak gara denok", zehaztu du.
Txapa Irratiko denboraldi berrian ere entzungo da musika, baina ez hori bakarrik. "Adibidez, informatikari buruzko programa bat dago aurten, berria. Musikari buruz, argentinar batek Argentinako musika jarriko du. Bestalde, Ametsetako lurra irratsaio beteranoak ere jarraituko du emititzen", dio Herrerosek. "Irratia gustuko duen edonor etorri daiteke Txapa Irratira. Irratsaio batzuk hilean behin emititzen dira eta beste batzuk hamabostean behin, bakoitzak ahal duen neurrian prestatzen ditu", dio Txapa Irratiko kideak.
Kontzertua azaroaren 29an
Arrosako kide izatearren ordaindu beharreko kuota eta interneteko tarifa dira Txapa Irratiak hilero ordaindu behar dituen faktura finkoak baina gastuak gehiago dira: telefonoa edo ordenagailuak, esaterako. Diru hori lortzeko kontzertuak antolatzen ditu tarteka. Hurrengoa, azaroaren 29an, Anestesia eta Cobra. Txaparrada musikala da eskuartean duen beste proiektu bat.
Uhinez ez ezik, internet bidez ere entzun daiteke Txapa Irratia hemen.