Txakurrek eginbeharrak egiteko gune bereziak jarriko ditu Udalak herriko sei lekutan: Magdalena plazan; Bolun (Azpeitxi jatetxe ostean); San Lorentzon; Boni Laskurainen (hilerri ondoan); Kataibia ondoko bidegorrian eta Artzamendin. Aurrerago Labegaraietan eta Martokon jartzea ere aurreikusi dute
Enara Minguez zinegotziaren esanetan, "Txakurrek eremu berdeetan kaka egitea higiene arazoa bilakatu da. Horregatik, debekatu egingo dugu txakurra sartzea lorategietan eta parkeetan: Errotalden, Errekalden, Usondon eta Arrizurin". Debekuarekin baera alternatiba ere eman nahi izan diete txakur jabeei. "Horregatik, hain zuzen, jarriko ditugu gune horiek", gehitu du Minguezek.
Eremu itxiak
Guneok 25 bat metro karratuko eremu itxiak izango dira eta harez beteak. Txakurrek eginbeharrak egin eta gero, jabeek batu egin beharko dute eta ondoan egongo den zakarrontzi berezi batera bota. Usainik botatzen ez duten zakarrontzi bereziak dira eta poltsak ere izango dituzte.
Horrez gain, guneon ondoan erabileraren gaineko informazio panelak ere egongo dira. Bestalde, garbitzaileak ere handik pasako dira gunea garbi egon dadin.
Guneok egokitzeko lanen baldintza-zerrenda onartu zuen udalbatzak astelehenean, aho batez, eta aurrekontua 29.400 eurokoa da.
Kanpaina zabalagoa
Txakurrendako gune horiek egokitzeaz gain, txakur kaken arazoaz jabearazteko sentsibilizazio kanpaina zabalagoa abiaraziko du Udala:. gaur egun erroldatuta dauden 1.900 txakurren jabeei gutuna bidaliko zaie etxera, lorategi eta parkeetan debeku seinaleak jarriko dituzte eta udaltzainek zaintza lanak ere egingo dituzte, txakurren gaineko arautegia bete dadin. Horrekin lotuta, Udaletik jakinarazi dute beharrezkoa denean isunak ere jarriko dituztela.