Txakurrendako komunak jarri dituzte herriko sei lekutan

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko ira. 1a, 19:06
Udalak debekatu egin du txakurrak eremu berdeetan ibiltzea; hala, alternatiba moduan jarri dituzte

Oporraldia aprobetxatuta dagoeneko jarri ditu Udalak txakurrendako komunak: Txakur txokoak. Herriko sei gunetan jarri dituzte: Magdalena plazan, Bolun, San Lorentzon, Artzamendin, Boni Laskurainen eta Kataibia ondoko bidegorrian. Aurrerago Labegaraietan eta Martokon ere jarriko dituztela aurreratu dute Udaletik.

25 metro karratu inguruko hareazko gune itxiak dira eta helburua da txakurrek han egitea eginbeharrak. Txakur txoko bakoitzak informazio panela du ondoan. Hala, txakur jabeek ikusiko dute txakurraren gorotza jaso egin behar dela eta txakur txokoaren ondoan dagoen zakarrontzira bota.

Udal agintarien esanetan txakurrek eremu berdeetan kaka egitea arazo bilakatu da. Horregatik debekatu egin dute txakurrak sartzea lorategietan eta parkeetan. Horrekin batera txakurren gaineko ordenantza eguneratu ere egin dute. Hala, arau urratze arin gisa hartuko da txakurren gorotza lagatzea bide zein plaza publikoetan, haurren parkeetan, lorategietan, leku apaingarrietan eta pertsonak ibiltzeko lekuetan. Urratze horri dagokion isuna da 30 eta 300 euro artekoa.  

Udaletik jakinarazi dutenez, txakur txokoen erabileraren gaineko azalpenak eta ordenantzaren xehetasunen gaineko informazio orriak etxez etxe banatuko dituzte.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak