"Lanbide Heziketa: malgutasuna eta aldaketara egokitzea" horixe izan da bukatu berri den Lanbide Heziketako V. Nazioarteko Biltzarraren leloa. Miguel Altuna institutua erreferente bat da zentzu horretan eta horregatik aukeratu zuten biltzarrean bere proiektua aurkeztu zezan.
'Maiatz' dauka izena Unai Ziarsolok Donostian aurkeztu zuen proiektuak eta helburua da alanbrearen transformazioan diharduten enpresetan lan egin ahal izateko formazioa eskaintzea.
Izan ere, alanbrearen eraldaketan lan egiten duten enpresek arlo garrantzitsu bat osatzen duten Debagoienean eta baita Debabarrenean ere, eta enpresok oinarri zientifiko baten gabezia sumatu dute.
Gabeziari erantzuna
Gabezia horri erantzuna eman ahal izateko arlo horretako hainbat prozesuren azterketa eta garapena lantzen ari da 'Maiatz proiektua', Lanbide Heziketako unitate didaktikoak sortuz eta formazio programak garatuz. Baina hori egiteko ezinbestekoa da lehenengo irakasleak formatzea.
Zentzu horretan, proiektua aurrera eramateko enpresen parte hartzea ezinbestekoa izan dela uste du Unai Ziarsolok. Oraingoz alanbrearen sektoreko 21 enpresekin sinatu dituzte kolaborazio hitzarmenak eta horietako asko gure bailarakoak dira.