Trukerako merkatu txikia egingo dute Osintxu auzoan

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko azaroaren 13a

Auzoko talde baten ekimena da eta herritarrak parte hartzera gonbidatzen dituzte. Azaroaren 29an egingo dute

Osintxun elkartrukerako merkatu txikia egingo dute azaroaren 29an, Gabonen atarian gaudela aprobetxatuta. Pilotalekuan egingo dute 10:00-14:00 ordutegian eta ahalik eta jende gehiena batu nahi dute ekimenaren bultzatzaileek, Osintxuko auzotar taldeak. 
Andrea Renner da bultzatzaileetako bat. Alemaniarra da bera, eta hemen ez bezala, jaioterrian bigarren eskuko merkatu txikiak oso ohikoak direla azaldu du: "Askotarikoak egiten dira, eta gauza politak, erabilgarriak eta bitxiak aurki daitezke".   

Gauzei probetxua atera

Etxean, denboran gordeta, ditugun gauzei erabilera ematea da merkatu txiki horren helburua: "Guk dagoeneko erabiltzen ez ditugun arren, beste batendako probetxugarri izan daitezke etxean ahaztuta ditugun tresna, liburu, arropa…zein bestelakoak", azaldu du Renner-ek, "eta nahi duguna da horiei probetxua ateratzea. Daukagun guztiak ez du zertan, beti, lehenengo eskukoa izan behar", gehitu du.
Jenny Higuera da truke azokaren beste bultzatzaileetako bat eta hark umeen jostailuak aipatu ditu eta azokaren balio pedagogikoa: "Dagoeneko gure seme-alabek erabiltzen ez dituzten zenbat jostailu dugu etxean? Bada azokara eraman, eta truka daitezkeela erakutsiz gero, eredu kontsumistaz gain besterik ere badagoela erakutsiko diegu umeei".

Trukatu edo saldu

Interesa duen edonork har dezake parte ekimenean, horretarako hilaren 29an Osintxura hurbiltzea bestetik ez du. Baldintza bakarra da, gauzak trukatzeko asmoarekin joatea edo saldu nahi izanez gero, prezio sinbolikoan egitea. "Helburu ez da inondik inora, dirua egitea izango", azpimarratu dute Renner-ek eta Higuerak.
Informazio gehiago nahi duenak 648 01 28 04 telefono zenbakira dei dezake, 18:00etatik aurrera, edo trodel@hotmail.com helbide elektronikora idatzi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak