Tornilleria Deba dagoen tokian etxebizitzak egiteko hitzarmena sinatu dute

Usoa Agirre 2006ko abe. 28a, 09:45
Tornilleria Deba lantegiak eta Bergarako Udalak sinatu dute hitzarmena. Enpresa horren lekuan etxebizitza libreak, tasatuak eta babes ofizialekoak egingo dituzte.

Etxebizitzetatik 207 libreak izango dira, 52 tasatuak eta 68 (84 ere izan daitezke tamainaren arabera) babes ofizialekoak. Etxebizitza babestuak errentan hartzeko dira, gazteendako; udalak ikusi du alokairuaren eskaera handia dagoela Bergaran eta eskaera horri erantzun gura dio proiektu horrekin. Babestutako etxebizitzen bloke horiek udalarenak izango dira gero.

Bergarako Udalak bi milioi euro inguruko aprobetxamendua jasoko du sinatutako  hitzarmenari esker. Zati bat dirutan jasoko du eta gainerakoa babes ofizialeko eraikinaren bitartez.

Lantegia lekuz aldatuko dute

Tornilleria Deba lantegia Bergaratik Osintxura bitartean, Mekolalden, egin behar duten industria gune berrira eramango dute. Lekualdaketa 2007ko udan egiteko asmoa dute.

Industria gune berri horretako lehen enpresa izango da Tornilleria Deba.

Lekualdaketa egin ondoren, jarraian hasiko dituzte etxebizitzak egiteko lanak.

Inork ez du alegaziorik jarri

Bestalde, lurzoruaren lege berria indarrean jarri zenetik hirtzarmen hori izan da Gipuzkoan sinatutako lehena. Lege berriak dio osoko bilkurak hitzarmen bat onartzen duenean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean egon behar dela 20 egunez, norbaitek alegazioak jarri gura baditu. Inork ez du alegaziorik jarri eta horregatik dagoeneko sinatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak