Kapital handitzea
Kapital handitzea nola egingo den azaldu digu Manu Diazek. "Lehen lehenik akziodunei akzio berriak erosteko aukera ematen zaie, eta haiek aurretik zituzten akzioei gehitzen zaizkie. Era berean, akzio gehiago gura ez dituenak ez dauka erosi beharrik". Tavexek egingo duen kapital handitze honek berritasun bat du. "Akziodunek erosten ez dituzten akzioak Camargo Correa enpresak erosiko ditu. Hala, kapital handitzea 40 milioi eurotakoa izango dela ziurtatzen dugu eta hori ez da oso ohikoa. Kapital handitzea erabatekoa izango da eta hori oso ona da guretako: lasaitasuna emango digu. Batez ere, kanpora begira gure taldeak duen irudia asko hobetuko da".
Kapital handitzea ondo datorkio Tavex enpresari eta, dagoeneko, badakite zer egingo duten 40 milioi eurorekin. "Ez dugu proiektu berririk jarriko martxan. Baina, egun, gure taldeak dituen proiektuak bideratzeko lagunduko digu", dio Diazek.
Hainbat filial
Tavex 1846. urtean sortu zen Bergaran. 1901.urtean Algodonera de San Antonio SA izena hartu zuen. 1989an Grupo Tavex sortu zuten. Gaur egun, 5.000 langile ditu taldeak, eta bazkideak, 50 herrialdetan. Bost lantegi ditu Brasilen, bat Argentinan eta beste bat Txilen eta haiei Valentzia, Maroko eta Elorregiko lantegiak gehitu behar zaizkie.