TAO zerbitzua martxan da eta, momentuz, herritarrak pozik azaldu dira

Asier Alkorta 2010eko irailaren 22a

Astelehenean jarri zuten martxan doako TAO sistema eta, beraz, goiz da oraindik balorazio bat egiteko. Orain arte ikusitakoarekin, baina, bergararrek diote herrian aparkatzeko toki libre gehiago dutela. Funtzionamendua ikasteko hamar-hamabost eguneko epea izango dute, denbora tarte horretan ez da multarik jarriko.

Doako TAO zerbitzuaren aldeko apustua egin du Bergarako Udal Gobernuak eta dagoeneko martxan da zerbitzua, herriko lau gunetan:

Tokia Denbora
Oxirondo plaza
Gehienez hiru ordu
Ibargarai Gehienez hiru ordu
Erdiguneko kaleak
Gehienez ordu t'erdi
San Martin plaza
Gehienez 30 minutu

Astelehenean hasi ziren zerbitzu berriarekin eta poliki-poliki jendea badabil ohiturak aldatzen.

Juanjo Arizmendi TAO zerbitzuko zaintzaileak azaldu digunez, zerbitzuaren helburua da erdigunean autoen txandakatzea egotea. Gune guztiek ordutegi bera izango dute:

  • astelehenetik egubakoitzera: 9:00-13:00 eta 16:30-20:00
  • zapatuetan: 9:00-13:30

Gainerako orduetan, hau da, eguerdian eta gauez ez da TAOrik egongo. Momentuz, hamar-hamabost eguneko epea izango dute herritarrek funtzionamendua ikasteko eta epe horretan ez dute isunik jarriko.

Makinak

Tiketa ateratzeko bederatzi makina egongo dira eta autoaren matrikula sartu beharko da. Tiket horretan azalduko da auto hori toki horretan noiz arte egon ahalko den eta erabiltzaileak autoan jarri beharko du ondo ikusteko moduan. Momentuz, herritarrak pozik daude.

Bertakoendako txartelak

Bestalde, TAO gunean dauden kaleetako bizilagunek bertakoendako txartelak eskuragarri dituzte. Udaletxean eskatu beharko dute txartela eta urriaren 2ra arte leihatila berezi bat egongo da tramitazio horretarako. Udaltzainen esanetan, txartel hori ateratzeko mugimendu handia dabil egunotan.

Garaje pribatua duten bizilagunei, hori bai, dei egin diete autoa garajean sartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak