Sumofic Lokatzako mutilek garaipen batekin amaitu dute Iruñeako Itzulia

Xabier Urtzelai 2010ko uzt. 30a, 16:09
Sumofic Lokatza ziklismo taldeko mutilek lau egun egin dituzte Iruñeako gazte mailako itzulia korritzen, eta laugarren etapa amaitu berri, Iker Sanchez entrenatzaileak balorazio oso positiboa egin du. Hirugarren etapan Mikel Aristi nagusitu zen –argazkian ikusten da esprint estua izan zutela; gaur, berriz, gutxigatik egin die garaipenak ihes.

Hogeita hamar talde baino gehiagok hartu dute parte egunotan Iruñean egin duten lau eguneko itzulian. Haizeak aurreikusi baino gehiago gogortu du proba, baina Bergarakoek lan ona egin dute. Iker Sanchezek sei txirrindulari izan ditu bere aginduetara: Eneko Lizarralde, Mikel Aristi, Ander Telleria, Aitor Umerez, Jon Rivero eta Hodei Orobengoa. "Gustura goaz etxera bueltan. Eguaztenean susto galanta hartu genuen Eneko Lizarraldek izan zuen erorikoarekin, auto artean erori zen-eta. Ospitalean igaro zuen gaua, baina hurrengo egunean gurekin jarraitu zuen etapa. Hori izan da, duda barik, momentu txarrena, baina egia esan, gazte hauekin edozein tokitara joan gaitezke, ederto portatu dira-eta".

Emaitza esanguratsuena Mikel Aristik eskuratu du, hirugarren etapan onena izan zen, baina eguneko lehenengo ezusteko positiboa lasterketa hasi aurretik jaso zuen, argazkiko mailot horiarekin korritu behar zuela esan zioten, sailkapen orokorrean gazte mailako lehen urteko ziklisten artean bigarren zegoelako –baina lehenak beste mailot bat eraman behar zuen–. Hala, mailot batekin edo bestearekin, baina Aristik lehenengo postuan amaitu zuen etapa, Anjel de Julian Plaspisa taldeko txirrindulariari metro bateko aldeagatik irabazita, eta sailkapen orokorrean 14. postuan sailkatu da.

Gaur, egubakoitza, berriz, gutxigatik ez du bigarren garaipena lortu, bosgarren sailkatu da Aristi, 23 segundora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak