Suaren bueltan dantzan ospatuko dute San Juan bezpera

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko eka. 21a, 12:49
Herri Mugimenduak antolatu du sua eta piztuko dute San Martin plazan, 22:30ean; musika eta dantza saioak egongo dira suarekin batera

Ohiko bihurtu da San Juan bezperan sua egitea San Martin plazan, eta aurten ere piztuko dute. Herri mugimendua arduratu da antolatzeaz, 22:30ean piztuko dute eta herritarrei dei egiten diete parte hartzera. Horren aurretik, baina, triki-poteoa egingo dute, 19:30ean, gaztetxetik abiatuta.
Suari dagokionez, urteko gauza txarrak bertara bota eta erretzeko aukera egongo da eta halaxe egingo dute Herri Mugimenduko kideek. Baina ekitaldia hori baino gehiago izango da: txalaparta eta adar soinuekin emango diote hasiera, ipuina kontatuko dute, 20 bat lagunek sorgin-dantza egingo dute, abestiak entzuteko aukera egongo da, eta baita trikitilariak ere.

San juan auzoko jaiak

San Juanen auzoko jaiak ospatuko dituzte egunotan. Eguenean, hilak 24, hasiko dira eta domekara arte iraungo dute; askotariko ekitaldiak egongo dira.
San Joxepe erretiratuen elkarteko abesbatzak abestutako mezarekin hasiko dituzte jaiak, 12:00etan. 12:45ean auzoko elkartean pintxoak, edaria eta salda banatuko dute eta 21:00etan kontzertua egongo da.
Hilaren 25ean, egubakoitza, San Juan auzoko poker txapelketa jokatuko da Tartufoko areto handian, 21:00etan.
Hilaren 26an, zapatua, eguerdian hasiko dira ekitaldiak. 13:00etan txikiteoa egongo da trikitilariek alaituta eta 14:30ean, auzo bazkaria, 20 eurotan. Izenematea zabalik dago Tartufo jatetxean.
17:30ean San Juan auzoko briska txapelketa jokatuko da Tartufoko areto handian eta 18:00etan, umeendako jolasak egongo dira eliza aurreko zelaian. 23:00etan, berriz, dantzaldia egongo da 03:00ak bitartean. Antolatzaileen esanetan, pasodoblea eta  tangoa dantza klasikoak egiteko aukera egongo da Angie eta Fer disko jartzaileekin.
Jaiak hilaren 27an, domeka, bukatuko dira 17:30ean 10 eta 14 urte arteko gaztetxoendako antolatu duten festarekin. Tartufon izango da festa hori. Botalia urak 0,50 zentimo balioko du eta freskagarriak, euro bat. Urbano zerbitzua ere egongo da: lehenengoa 17:15ean abiatuko da Tartuforantz azoka ostetik eta itzulerako lehenengoa 20:30ean izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak