Ibarreko korrikalari asko eta asko Behobia-Donostia eta Donostiako maratoia gertatzen dabiltza azken hilabeteotan eta aipatutako lasterketei begira test egokia izan daiteke zapatuan Bergaran jokatuko den proba. Antxintxika Triatloi Taldearen eskutik, Soraluze-Bergara krosaren IV. ekitaldia (Olatz Rementeria Memoriala) iritsi da. Antolatzaileek 300 bat partaide batzea espero dute.
Taldekako sailkapena
Esan bezala, aurtengo ekitaldia hainbat berritasunarekin dator. Krosak izaera herrikoiagoa izateko asmoz, sailkapen indibidualaz gain, taldekako sailkapena ere izango du. Hiru lagunez osatutako taldeak egiteko aukera dago eta hiruren denborak zenbatuko dira koadrilako irabazlea erabakitzeko. Hori bai, ezin izango da talde mistorik osatu: mutilek mutilekin eta neskek neskekin osatu beharko dituzte hirukoteak.
Gaztetxoak lehenago
Nagusien probaren aurretik, gaztetxoei zuzendutako lasterketak jokatuko dira Ibaragarain, Fraiskozuri eta palmeraren artean. Adinaren arabera, 400, 800 eta 1.600 metroko lasterketak jokatuko dituzte gaztetxoek. Txikienen hiru probak 16:00etan hasiko dira. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, "zapatuko proba Eskola Kirolaren programazioaren barruan sartzea lortu dugu eta horrek proba indartzeko balio izango du".
Ibilbidea finkatuta
Nagusien lasterketa 17:00etan hasiko da Soraluzeko plazatik. Partaideek 10.000 metroko ibilbidea izango dute. Trenbide zaharretik etorriko dira Soraluzetik Bergarara eta herri barruan honako kaleetatik igaroko dira: Zubieta, Fraiskozuri, Domingo Irala (Migel Altuna ikastetxe ondoko aldapatik igota), San Martin plaza, Bidekurutzeta, Ibargarai (Lasa jatetxe zaharretik jaitsita) eta Fraiskozuri.
Iaz 253 lagunek hartu zuten parte; Driss Bensaid (32:33) eta Maitane Txueka izan ziren probako irabazleak.
Probako errekorra finkatzeko orduan ez dira kontuan hartuko aurreko edizioetako denborak, ibilbidean hainbat aldaketa izan direlako krosa jokatzen hasi zenetik. "Behingoz ibilbidea finkatzea espero dugu aurten, urte batetik bestera erreferentziak baliagarriak izan daitezen", diosku Aitor Rementeriak, Antxintxika Triatloi taldeko presidente ordeak. Etorkizunerako asmoen artean gutxituendako proba antolatzea daukate esku artean: "Dena dela, gaurko egunean trenbidea dagoen egoeran ezinezkoa da hori. Bidegorria jartzen dutenean horri heltzea nahiko genuke", esaten du Rementeriak.
Izenematea, zabalik
Zapatuko kroserako izenematea zabalik dago: Bergaran Lazkano oinetako dendan eta Mapfre aseguru etxean; Oñatin Zero Km-a dendan; eta Interneten, ondoko helbidean egin daiteke.
Zapatuan, lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago, 16:30ean itxiko dute izenematea. Lasterketa egunean 15 euro ordaindu beharko dira parte hartzearren. Korrikalari guztiek txipa eramango dute zapatuan.