Soka dantza udalbatzako kideek egingo dute aurten

Maider Arregi 2007ko eka. 29a, 14:29
San Martzial egunerako, 176 mahai eta 1.395 aulki alokatu dituzte bergararrek. 89 eskaera jaso dituzte kultura etxean. Kantinaz Ariznoa gimnasia erritmikoko taldea arduratuko da eta txosnaz, Kilometroak 07.

Udalbatzako kideek dantzatuko dute aurten soka dantza San Martzial egunean, domekan. Azken 16 urteetako udal ordezkariek ez dute ohitura hori bete. Anaje Narbaiza eta Jose Luis Loidi izan dira soka dantza egin duten azken zinegotziak, Xamatzen datuen arabera. Harrezkero, herritar batzuek dantzatu dute Xamatzekoekin batera, ohiturari eusteko. Aurten, alkateak eta zinegotziek egingo dute berriro.

Neskak gonekin

Xamatz dantza taldekoen laguntzarekin egin dituzte entseguak egungo udalbatzako kideek. Joan den asteko eguenean hasita, egunero entseatu dute, asteburuak salbu. Ibon Unamuno Xamatz dantza taldeko kideak azaldu duen moduan, lau pieza entseatu dituzte: " Aurreskua, desafioa, azeri dantza eta zortzikoa. Lau dantza horiek dantzatuko dituzte sokaren aurrean eta atzean doazen lagunek; gainerakoek, azeri dantza bakarrik".
Eta arropan ere aldaketak egongo dira. Hain zuzen ere, Agurne Barruso alkateak onartu du mahoizko prakak ez dituela jantziko:  "Mahoizko gonekin joango gara agian neskak". 12:00etan da soka dantza.

Kantina eta txosna

Aurten ere zabalik egon da epea kantina eta txosnaren ardura hartzeko. Guztira lau taldek eman dute izena eta zozketa bidez erabaki dute kantinaz Ariznoa gimnasia erritmikoko taldea arduratuko dela eta txosnaz, berriz, Kilometroak 07.
Bestalde, Udaltzaingoak berriro gogoratu nahi du aurten toki txikiagoa dagoela autoak aparkatzeko, eta koadrila bakoitzeko auto bat bakarrik igotzeko aholkatzen du.
San Martzialera gurdiekin igoera 10:00etan egingo dute eta 10:30etik 20:00etara autobus zerbitzua egongo da, doan; bazkalorduan eten egingo da ordubetez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak