Soilik oinezkoendako jarri dute Goenkalea

Monika Belastegi Aranzabal 2008ko urt. 28a, 09:49
Goenkalea soilik oinezkoendako kale da duela bi astetik hona. Orain arte ibilgailuak handik igarotzeaz gainera, autoa aparkatu ere egin izan dute kaleska estuan hainbat herritar eta bizilagunek. Bada, oinezko bihurtzearekin batera, hori ere ezingo da egin.

Horrek guztiak ezinegona eragin du Goenkaleko eta Artekaleko bizilagun batzuen artean; batik bat, autoa aparkatzeko lekua galdu izanak, Fernando Salinero Artekaleko bizilagunak zera azaldu digu: "Artekalea egokitzeko lanak egin zituztenean esan zuten oinezkoendako bihurtzeko zela eta ez da hala izan. Ibilgailuez gain oinezkoak ere Artelaketik igarotzen dira eta ez dago aparkatzeko lekurik. Bestalde, Goenkalea hain mugimendu gutxiko kalea izanik, zergatik bihurtu dute oinezko eta gainera aparkalekuak kendu?" 

Zapatuan batzarra

Kezka horren harira, Artekaleko eta Goenkaleko bizilagunek batzarra egin zuten zapatuan. 30 lagun inguru elkartu ziren eta eguenean udaletxera joatekoak dira, Agurne Barruso alkatearekin egotera. Salineroren hitzetan, "Goenkalen aparkatu ahal izatea eskatzea da gure asmoa. Bestalde, gurekin bigarren bilera bat egin baino lehen adostu zuten kalea ixtea, gure iritzia kontuan  hartu barik".

Udalaren erantzuna

Alkateak azaldu duenez, Goenkalea oinezkoendako bihurtzeko erabakia aurreko Udal Gobernuak hartu zuen eta eurak erabaki hori exekutatu baino ez dute egin, bizilagunei jakinarazi eta gero. Bestalde, gehitu du kalea trafikora ixteko erabakia prozesu zabalago baten barruko urratsa dela, alde zaharra oinezkoendako egiteko prozesuan.

Aipatutako bi kaleetan bakarrik ez, "aparkalekuaren arazoari irteera orokorra" eman behar zaiola esan du alkateak. Mugikortasun diagnostikoa egina dutela aurreratu du eta, orain, ekintza plana zehaztea falta zaiela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak