Dagoeneko guztia prest dago Seminarioko elizako indusketa arkeologikoari ekiteko. Hain justu, eguaztenean eman zituzten indusketaren nondik norakoak. Aurkezpenean izan ziren Mikel Elkoroberezibar, Udaleko Kultura Ondare batzordeburua; Xabier Aranburu, Udal Museologoa eta indusketa zuzenduko duten Zehazten Zerbitzu Kulturalak enpresako bi arkeologo: Xabier Alberdi –indusketaren zuzendaria– eta Jesus Perez Centeno– indusketako zuzendariordea eta gizarteratzearen arduraduna.
2007an Seminarioko elizan egindako zundaketetan jasotako emaitza garrantzitsuen ondorioz egingo da indusketa hau. Izan ere, zundaketa haietan frogatu zen aztarnategia emankorra dela.
Bada, ikerketa arkeologiko-historiko honek duen garrantzia zientifikoaz haratago doa Udalaren asmoa, Kultura Ondare batzordeburu MikelElkoroberezibarrek azaldu zuen moduan: "Garrantzia handia du indusketak. aztarnategi emankorra izanik, eman ditzakeelako Bergarako historiaren ezagutzan sakontzeko baliagarriak izan daitezkeen datuak eta informazioa. Baina hori guztia maila zientifikoan geratu barik, Udaletik berebiziko garrantzia ematen diogu zabalkundeari; herritarren artean informazio hori dibulgatzeari, nondik gatozen jakitea garrantzitsua delako".
Abuztutik urria
Indusketa arkeologikoa abuztuaren 3an hasiko dute. Indusketa mekanikoarekin hasiko dira, Xabier Alberdi indusketako zuzendariak azaldu zuenez: "Makina batek zorua zulatuko du jatorrizko geruzara iritsi arte. Irailean arkeologo taldeak ekingo dio".
Elizaren aurreko aldean hasiko dira lanean, On Andres de Madariaga, Calatravako Zaldun eta Peruko Kontuen Auzitegiko Kontatzaile Nagusia izan zenaren mausoleoan, eta handik atzerantz egingo dute. Alberdik hilobi horren garrantzia azpimarratu zuen: "Madariagaren hilobian arroparik egonez gero, aurkikuntza garrantzitsua izango da, XVI, XVII eta XVIII. mendeetako halako pertsonaien arroparik apenas dago-eta. Bestalde, arte lan ikusgarria da eta ez oso ohikoa".
Lan talde zabala
Ardura Zehazten enpresako arkeologoek izango duten arren, indusketaren fase ezberdinetan beste aditu batzuen laguntza ere jasoko dute: giza eta fauna aztarnen azterketa antropologo eta paleontologo adituek egingo dituzte; balio historiko-artistiko handiko zenbait eraikuntza eta material arkeologikoren tratamendua eta zaharberritzea eta Petra enpresak –harrizko egiturak– eta Alet enpresak –ehuna– egingo dute...Guztira 15 bat lagun ibiliko dira.
Helburu zientifikoak
Elizaren ikerketa historiko-arkeologikoak hainbat helburu zientifiko ditu, edo Alberdi arkeologoak esandako moduan, "erantzunik ez duten hainbat galdera erantzuna eman", besteak beste: Bergarako hiribildua sortu aurreko (1268) Ariznoa izeneko herrixkaren aztarna posibleak arkeologikoki dokumentatzea eta elizaren azpiko pareta handiaren jatorria eta eraikuntza ezaugarriak ezagutzea, hiribilduko harresiaren zati bat izan daitekeen edo ez argitzeko. Horrekin batera, saiatuko dira jatorrizko hiribilduaren eta errebalaren hedapenak zehazten.
Lehenengo emaitzen txostena urri bukaeran prest izango dutela azaldu zuen Alberdi arkeologoak; behin betikoa, berriz, "Eguberritarako".
Indusketa lanak ezagutzera emateko bisita gidatuak egongo dira
Indusketa lanak gizarteratzeari garrantzia handia eman dio Udalak. Hala, lanok zein bertako aurkikuntzak herritarrengana iristeko programa bat diseinatu du Zehazten enpresak.
Batetik, bisita gidatuak antolatu dituzte eta bertatik bertara ikusi ahal izango da arkeologo taldea lanean. Dagoeneko ikastetxeetako ordezkariekin egon dira ikasleekin bisitak egiteko. Horrekin batera, interesa duten herritarrendako ere egingo dituzte bisita gidatuak. Bisitok hasiko dira abuztuaren 3an eta hil horretan barrena astelehenetik egubakoitzera izango dira, iluntzean. Irail eta urrian, berriz, astelehenetik zapatura izango dira.
Bestetik, indusketan barrena aurkitutako materiala ikusgai jarriko dute. Hain justu, materialaren kudeaketarako laborategia jarriko dute elizan.
Azkenik, informazioa zabaltzeko bideak jorratzeaz gain, lanen bilakaera jasoko duen dvd-a ere egingo dute.