Seminarioan azaldutako pareta ez dagokio Bergarako harresien zati bati

Aurkitu dituzte beranduagokoak uste ziren lurperatze-sistema higienikoak jesuiten hilobietan. Bestalde, dokumentatu ahal izan dute, Lehen Guda Karlistan Seminarioa izan zela Probintzia Ospitale Militarra

Seminarioko elizaren ikerketa arkeologiko-historikoaren lehen emaitzen berri eman zuten egubakoitzean. Mikel Elkoroberezibar, Udaleko Ondare batzordeburuak, indusketa arkeologikoaren zuzendari Jesus Manuel Perezek eta Xabier Alberdi lanok gizarteratzearen arduradunak  eman zituzten azalpenok.
Mikel Elkoroberezibar zinegotziak hartu zuen hitza lehenik eta Udala "pozik" dagoela azaldu zuen, "indusketak herritarren artean izan duen harrerarekin". Horren haritik, "halako ekimenekin jarraitzeko" asmoa ere azpimarratu zuen eta "herritarrak gonbidatu", indusketara hurbiltzera. Izan ere, gauza interesgarri asko azaldu da Seminarioko indusketan, eta "planteatutako helburu asko lortu" dituztela nabarmendu zuen Xabier Alberdik.

Lortutako helburuak

Batetik, On Andres de Madariaga, Calatravako Zaldun eta Peruko Kontuen Auzitegiko Kontatzaile Nagusia eta elizaren sustatzaile nagusiaren "jatorrizko mausoleo aparta" ikusgai jarri dute, Alberdik azaldu zuenez. Horretarako, mausoleoa estaltzen zuen 1866ko oroitarria jaso behar izan zuten Petra SLko zaharberritzaileek eta oroitarri horri eta Madariagaren mausoleoaren estalkiari lehenengo garbitze lanak egin dizkiotela ere gehitu zuen. 
Bestetik, Jesuiten komunitateko nekropoliaren zati bat industen dihardutela ere argitu zuen Alberdik. Hala, baieztatu ahal izan dute hilobietan jesuiten komunitateko hildakoen aztarnak zeudela. Horrekin batera,  eraikuntzak beranduago izandako erabileren ondorioz lurperatutakoenak aurkitu dituztela ere gehitu zuen. Zehazki, dokumentatu ahal izan dute, Lehen Guda Karlistan –1835 eta 1839 bitartean– Seminarioko eraikuntza karlisten Probintzia Ospitale Militarraren egoitza izan zela.
Nekropolia industeak ezusteak ere ekarri dizkie arkeologoei: "Ezustea izan da XVII-XVIII. mendeetako enterramenduetan aplikatzen zituztela sistema higienikoak uste zirenak beranduagokoak. Hain justu ere, dokumentatu ahal izan dugu kare bizian lurperatzen zituztela hildakoak, gaixotasunak ekiditeko".
Beste emaitzetako bat dagokio elizako zoruari: koloretako marmolez eta harriz eraikitako zoruaren hedapen osoa industu eta berreskuratu dute eta orain "datazioa zehazteko ikerketarekin" jarraitzen dutela azaldu zuen Alberdik. Jatorrizko zoru hori hasten da aldarean, eliza sarreraraino iristen da eta gurutze forma du.

Ezeztatu duten hipotesia

Elizaren lurrazpian aurkitutako pareta handiaren hedapen osoa ere industu dute eta bere jatorria eta eraikuntzaren ezaugarriak arkeologikoki aztertzen dihardute. Horren harira, zuten hipotesietako bat "ezeztatu" egin dutela aurreratu zuen Alberdik: " Orain arte herriko harresiaren zati bat izan zitekeelako hipotesia geneukan arren, agian 1597an eraikitzen hasitako jesuiten jatorrizko elizari dagokion aztarnen bat izan daitekeen hipotesia hasi gara aztertzen".
Bestetik, gaur egun eliza eraiki ondoren orubeak izandako beste erailera batzuk ere dokumentatu dituzte. Besteak beste, "elizaren oinetan hedatutako balizko kripta" aipatu zuten aurkezpenean.
Bukatzeko, elizaren sarrera ondoan egiten diharduten indusketan "eliza eraikitzen hasi aurreko mailetara iritsi" direla azpimarratu zuen Alberdik eta "Erdi Aroko materiala aurkitu" dutela ere bai, nahiz eta ez izan "testuinguru horretakoa, kokagune horretakoa".

Artxiboko lana

Indusketarekin batera, artxiboetako dokumentazioaren ikerketa egiten dihardute. Dagoeneko hainbat artxibo begiratu dituzte. Egun ari dira Bergarako Udal Agiritegiko fondoak aztertzen.

Bisita gidatuak

Oraindik Seminarioko indusketa lanak ikusi ez dituenak urriaren 30era arteko epea du. Izan ere, egun horretan lagako diote bisita gidatuak egiteari.
Urriaren 12tik 30era arte gidatutako bisitak egiteko deitu behar da 636 17 09 37 telefono zenbakira edo zehazten1@yahoo.es helbide elektronikora idatzi. Beste aukera bat da Seminarioko elizako ate nagusira hurbiltzea astelehenetik egubakoitzera, 11:30ean eta 16:30ean eta zapatuetan, 11:00etan.
Bestalde, ikastetxeendako bisita gidatu programa datozen egunotan hasiko dute eta hori
ere urriaren 30ean bukatuko
da. Ikastetxeekin egingo duten lanari dagokionez, bisita
gidatuez gain eskolan lantzeko unitate didaktikoak ere prestatu dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.