UNED-Bergarak barikuan egin zuen 2009-2010 ikasturtearen hasiera ekitaldia. Aurpegi ezagun ugari ikusi genituen bertan. Ekitaldian hitza hartu zuten Gipuzkoako ahaldun nagusi eta UNED-Bergarako patronatuko presidente Markel Olanok; Eusko Jaurlaritzako unibertsitate eta ikerketa sailburuorde Pedro Luis Ariasek; Bergarako alkate Agurne Barrusok; UNED-Bergarako zuzendari Juan José Alvarezek; UNEDeko errektoretzako ordezkari Enrique Morenok; eta UNED-Bergarako idazkari Vicente Huicik. Ekitaldian, gainera, beste unibertsitateetako, Eusko Ikaskuntzako eta Kutxako ordezkariak izan ziren.
Bolonia
UNED-Bergarak 13 titulazio egokitu ditu Europako goi-mailako hezkuntza espaziora (Bolonia). "Gradu berriek gure unibertsitatea europar espaziora gradu gehien egokitu dituen Estatuko unibertsitateen artean kokatzen dute, eta bakarra da Euskal Herrian", adierazi zuen Juan Jose Alvarez zuzendariak. "Goi-hezkuntzako eskaintzaren ia erdia ezarriko dugu 2009-2010 ikasturte honetan, hala 28 titulaziotik 13 plan berriaren irizpideak jarraituz egin ahal izango dira".
Ekitaldian ikasketak amaitu izanaren ziurtagiria jaso zuten 56 ikaslek, Daniel Innerarity filosofian doktoreak gaurkotasun handikoa den pirateriaren gaia ekarri zuen bere hitzaldian, eta emanalditxoa egin zuen Bergarako musika eskolako soka taldeak.
Erakundeen konpromisoa
Bergarako alkate Agurne Barrusok elkartrukearen bidean sakontzeko konpromisoa azaldu zuen ikasturte irekierako ekitaldian. "UNED eta Bergara aspaldi dira bidaide", esan zuen. "UNEDek asko eman dio Bergarari eta Bergarak ere eman dio UNEDi. Elkartruke horretan sakontzea, eta elkarlan horretatik ahalik eta etekinik handiena ateratzea da gure apustua".
Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok, bere aldetik, UNED-Bergararen ekarpen handia azpimarratu zuen. "Gipuzkoaren aberastasunik handiena bere gizartearen formazioa eta kalitatea dira, eta nire ustez Gipuzkoak duen indar estrategikoetako bat osatzen duzue, zalantzarik gabe. Bergarako UNEDek asko egin du, asko egiten ari da eta asko du egiteko pertsonen formazioaren eta prestakuntzaren esparruan. Gure lankidetza duzue Gipuzkoaren eta Euskal Herri osoaren alde gogotik egiten duzuen lan bikainarengatik", adierazi zuen Markel Olanok.
Ikasleen esperientzia
Urtero legez ikasturte berriari hasiera emateko ekitaldi oso formala egin zuen UNEDek. Tartean, ikasketak amaitu izanaren ziurtagiria jaso zuen ikasle batek hartu zuen hitza eta freskotasun handia eman zion parte-hartze horrek ekitaldiari. Ikasleak azaldu zuen zeinen zaila den ikasketak abiarazteko erabakia hartzea. Baita hasieran zeinen urrun ikusten den bide amaiera. Ez dugu ahaztu behar , edozein arrazoiagatik erregulartasunez klaseetara gerturatzeko arazoak dituztenendako aukera garrantzitsuak ematen dituela Bergarako unibertsitateak. Pertsona horiek beste metodologia batekin ikasketak garatzea zaila izango lukete, eta UNEDen beraien familia edo lan egoerara egokitzen den ikasketa eredua aurkitzen dute. Hezkuntza eredu horrek, klaseetara joateko ordutegi finko batek suposatzen duen konpromisoa bete ezin duten ikasleei ikasketak garatzeko aukera ematen die, eta horrela agertu zuen ikasleak. "Tarteka gogorra egiten da eta denok izan dugu ikasketak bertan behera lagatzeko tentazioa, baina lan talde bikaina dago Bergarako UNEDen eta aurrera egitea lortu dugu".