Saskibaloia protagonista gaurtik Bergaran

Edu Mendibil 2010eko ekainaren 22a

Bergara KEko saskibaloi sailaren eskutik, ekainaren 22tik 27ra Saskibaloiaren Astea ospatuko da Bergaran. Saskibaloiak gaztetxoen artean duen harrera bikaina ikusita, saskibaloiaren gaineko hainbat ekitaldi iragarri dituzte gaurtik domekara bitartean.

Gaur, martitzena, Coach Carter filma botako dute Xabalotegi aretoan, 19:00etan. Sarrera doanekoa izango da.

Prestatu duten programako hitzordu interesgarrienetako bat eguenekoa izango da. Baloncesto moderno e historias izenburupean, mahai-ingurua izango da Miguel Altunako aretoan, 19:00etan. Gonbidatuak ez dira nolanahikoak gainera: Pablo Laso Gipuzkoa Basketeko entrenatzailea eta jokalari ohia; Miguel Santos, Donostiako taldeko presidentea izandakoa eta Gipuzkoako saskibaloiko bultzatzaile nagusietako bat; eta Ander Garcia jokalari bergararra, amaitu berri den denboraldian EBA ligako Santa Polan jokatu duena. Gerardo Puente kirol kazetari ezaguna izango da moderatzailea. Bergara KEko saskibaloi saileko zuzendaritzako kide ere bada Puente.

3x3 txapelketak asteburuan

Egubakoitzean, hilaren 25ean, txosna jarriko dute eta Disko Gaua izango da 23:00etatik aurrera. Asteburuan jokatuko den 3x3 txapelketako ataria izango da. Benjamin, alebin, infantil, kadete, junior eta senior mailak bereiztuko dituzte. Izenematea dagoeneko taldearen webgunean egin daiteke.

Iazko ekitaldian 160 lagun lehiatu ziren maila ezberdinetan eta aurten ere kopuru horren bueltan ibiltzea da antolatzaileen asmoa. Saskibaloi saila osasuntsu dago Bergaran: 100dik gora neska-mutil ari dira talde ezberdinetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak