San Pedro parrokiako organoak bere doinu ederrenak eman zituen zapatuan

Leire Kortabarria 2009ko urr. 11a, 19:51
Organo Erromantikoaren X. Zikloaren barruan, emanaldi arrakastatsua egin zuten Donostiako Orfeoiak eta Gerardo Rifon organo-joleak zapatu iluntzean San Pedro parrokian. Orfeoiko ahots bikainek estali zuten pixka bat organoaren doinuak, mota honetako kontzertuetan gertatzen den bezala; hala ere, Rifonen maisutasunarekin eta azkenaldian inoiz baino finduago dagoelako musika-tresna hura, bere onena eman zuen.

Ordu eta laurden inguruko kontzertuan, musika sakratuaren zaleek oso gogoko dituzten pieza batzuk jokatu zituzten Donostiako Orfeoiak eta Gerardo Rifon organo-joleak: 13 kantu eta, propina gisa edo programatik kanpo, Agur Jaunak. Konposatzaile klasikoen piezak ziren gehienak -Mozart, Bach, Mendelssohn, Aita Madina…-, eta modernoagoenekin ere, apustu segurua egin zuten, biak ala biak -Bustoren Ave Maria eta Lloyd Weberren Pie Jesu- ezagunak eta arrakasta handikoak direlako orfeoien emanaldietan.

Orfeoiak ez zuen hutsik egin eta beste behin erakutsi zuen zelako ahots miragarriak batzen dituen. Batez ere, talde osoaren emanaldietan sortu zuen zirrara entzuleriarengan; bakarlariak -Ana Salaberria sopranoa, Raquel Lizartza mezzosopranoa eta Iñaki Goñi tenorea- ere egoki ibili ziren.

Baina, zikloko protagonista organoa da, eta San Pedro parrokiakoak bere egin zuen protagonismo hori zapatu gauean, batez ere, doinuen edertasunarengatik eta Rifonen maisutasunarengatik. Ezagun egin zen San Pedroko ohiko entzuleendako organoa bere momentu onenetako baten dagoela, eta eskertzekoa da Aitor Olea organo-jole eta irakasleak horretan egiten duen lana; igartzen da musika-tresna hori orain sarriago jotzen dela eta finduago dagoela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak