San Pedro parrokia erabat zaharberritzeko asmoz diagnostikoa egiten hasi berri dira

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko urtarrilaren 23a

San Pedro parrokia zaharberritzeko asmoa du pastoral kontseiluak. Juan Kruz Mendizabal abadeak azaldu duenez, dagoeneko parrokiaren egoera azter dezan eskatu diote Bergarako Zetabi Arkitektura Bulegoari. Aste Santurako aurreproiektua eginda egotea nahi dute. Kanpandorreko eta estalkiko lanak dira premiazkoenak.


Parrokiaren osasunaren diagnostikoa izango da abiapuntua eta Aste Santurako aurreproiektua eskuan izatea nahiko luketela gehitu du Mendizabal parrokoak.
San Pedrok "goitik behera, barrutik eta kanpotik" konpontzeko beharra duela azaldu du Mendizabalek eta, oro har, nahiko egoera kaskarrean dagoela. Hori horrela, lanak ahalik eta azkarren hastea nahiko luketela ere gehitu du: "Urtebete aurretik hasita egongo direla uste dugu", esan du.

Lehentasunak

Lanak faseka egingo dituztela azaldu du Mendizabal abadeak eta oraindik gauza asko aurreratu ezin duen arren, lehentasuna kanpandorreak eta estalkiak izango dutela aurreratu du, "egoera oso kaskarrean daude-eta".  Bestetik, gehitu du egituraren zaharberritze lanez gain, besteak beste, berogailu eta argiteria sistema berriak ere jarriko dituztela.

Santo kristoa

Parrokiak ondare oso garrantzitsua gordetzen du bere baitan, eta hori ere zaharberritu egingo dute. Erretaula nagusia eta albokoak, margo lanak, organoa... horiek guztiak zaharberrituko dituzte, eta baita parrokiako harribitxia ere: Juan de Mesaren Santo Kristoa. Hain justu, Juan Martinez Montañes eskultorean aditua den Sevillako berriztatzaile batek hilabete eta erdi eman du herrian Santo Kristoa analizatzen eta Mendizabalek esan du zaharberritze aurrekontuaren zain daudela. 
Parrokiaren erabateko zaharberritze lanen aurrekontua "sei bat milioi eurokoa  izan daiteke, azaletik botata", esan du Mendizabalek eta oraindik finantziazio bideak aztertzen dihardutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak