San Martzial: Herriko kaleak hustu eta ermita bat betetzen duen jairik herrikoiena

Jon Berezibar 2009ko uzt. 5a, 23:55
Bergararren erromeria kuttunenak aurten ere ospeari eutsi dio: sekulako giroa eta jendea. Adina edo sexua ez dira aitzakia San Martzial honetan.

San Martzialen aitzakiatan beste lekuren baten elkarri mokoka jarduten badute, bergararrak  santuari modu alaiagoan egiten diote gorazarre: gizon zein emakume, guztiak jaten eta edaten. Alardea, San Martzialen, koadrillen mahaietan ikusten ziren paella, pintxo eta jakietan egon zen atzo, urtero moduan. Goizeko lehen orduetan aurpegi grisa erakusten zuen zeru aldeak baina gutxi bota zituen atzera horrek. Autobusak beteta lehen ordutik baina asko oinez igotzera animatu ziren, jakinik beherako bidea ez zitzaiela hain zuzena suertatuko.
Erromeriarako espresuki diseinatutako lekua dirudi San Martzialek. Leku zabala baina ezkutukerietarako txoko nahikoen. Horren harira "beterano batek" kontatzen zuen eurak erdialdean jartzen zirela baina gazteak ertzetara jotzen zutela. Ligatzeko tarterik ere badago, itxura denez.  Menu berezirik ez dago, antza, baina baten batek aitortzen duenez, onena Bergarako kanposantutik jasotako karakolak dira. Karakolak eta, ezinbestean, txorizoa eta ahal bada mina, edaten jarraitzeko aitzakia moduan edo. Horietxek, ardoa eta txorizoa ez ziren inguru osoan zehar banatutako mahaietan falta. Tradizioek ere badute lekua eta mezak, bertsolariek eta alkate eta zinegotziek egindako soka-dantzak ez dute huts egin aurten ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak