Zapatu goizean jende asko elkartu zen plazan, han jokatzen ziharduten partiduak ikustera. Sei kantxa txiki gertatu zituzten antolatzaileek San Martin plazan eta 10:00etan hasi zuten txapelketa. Elite, senior eta junior mailetan 40 taldek jardun zuten lehian. Bergarako zein inguruko herrietatik etorritako taldeek hartu zuten parte. Aurpegi ezagunak ere bai tartean; alde batetik garai baten Bergarako saskibaloi taldean ibilitako hainbat beterano (urte asko igaro arren, ez zaie jokatzen ahaztu) eta bestetik harrobi mahoneroak emandako azken perla, Ander Garcia. Tau taldeko jokalari bergararrak ez zuen lagunekin finalera iristerik izan, baina ez zuen hutsik egin saskibaloiaren aldeko festan.
Guztira, 150 jokalari inguruk hartu zuten parte zapatuko jardunaldian. Ikusleek hogei minutuko partiduekin gozatu zuten. Esan bezala, ikusle asko plazan, eguerdian batez ere. Arratsalderako eguraldiak txarrera egin zuen eta arratsaldeko partiduak Labegaraietako kiroldegian jokatu behar izan zituzten.
Talde irabazleak honako hauek izan ziren: Gasteiz Bergara eta Beresko taldeko neskak elite mailan; Cowboys eta Vamonos Atomos senior mailan; eta Los Tajas eta Venga Vamonos junior mailan. Finalistendako ere sari bikainak egon ziren. Elite mailako txapeldunek 500 euro eta trofeoa eraman zituzten.
Saskibaloiaren pizgarrietako bat hiruko saskiratzeak izaten dira; 54 lagunek jardun zuten hirukoen txapelketan eta Iker Murillo izan zen irabazlea. Minutu baten bederatzi hiruko egin zituen; domekan, gaztetxoen txapelketan, Josu Diaz izan zen onena; zortzi saskiratze egin zituen. Domekan, esan bezala, gaztetxoen txanda izan zen. Alebin mailan Alex eta The Best taldeko neskek irabazi zuten; infantiletan Txikimans-ek eta Dripik eta kadete mutiletan Agus taldeak irabazi zuen.