San Martin Ikastetxeak protesta eginez hasi du ikasturte berria

Arritxu Barruso 2007ko ira. 11a, 11:54
Leku falta salatzeko San Martin Ikastetxeko Gurasoen Elkarteak antolatuta protesta egin zuten atzo. Aste guztian zehar errepikatuko dute protesta hori eta Lehen Hezkuntzako ikasleak ez dituzte eskolak hartuko goizeko 9:00ak eta 10:00ak bitartean eta jolastokian bilduko dira. Bertan bi gela ipiniko dituzte eta mahaiak eta aulkiak kanpora atera.

Guraso Elkartetik adierazi digutenez gaur egun 23 gela dituzte San Martin Ikastetxean eta 25 talde.

Espazio faltaren arazoa konpontzeko San Martin Ikastetxeak gaur egun Aranzadi Ikastolak erabiltzen duen Martinez de Iraila eraikuntza hartzea proposatzen du. 1983an Hezkuntza Sailak eraikin hau Ikastolari utzi zionean lagapena eskola publikoaren beharren arabera egin zuela aldarrikatu dute; "Gaur egun beharra daukagu, beraz, guri dagokigu eraikin horren erabilera. Gainera 2005ean Udalak egindako herri eskola planean esaten da poligono aldea hezkuntza publikorako geldituko dela".

Egun Aranzadiko bigarren hezkuntzako 200 ikasle inguru daude Martinez de Irala eraikinean, eta Ikastolatik diote, ezinezkoa dela denak Errege Seminarioko eraikinean sartzea. Horregatik, bertatik alde egin aurretik konponbide bat eskatzen dute.

Udalaren proposamena

Udal gobernuak, bere aldetik, egoera desblokeatu eta arazoari irtenbidea topatzeko asmotan proposamen bat egin die gatazkaren parte guztiei eta joan zen astean bilera egin zuten UNED, Aranzadi Ikastola eta San Martin Ikastetxekoekin. Azken hau, baina, ez dago ados Udal Gobernutik jasotako proposamenarekin  uste baitu ez dituela aurrekariak errespetatzen eta ez diela euren espazio faltari irtenbiderik ematen. 

Udal Gobernuak, ordea, balorazio positiboa egin du izandako bilera horren inguruan. Behin behineko proposamen horri egindako kritiken ostean akordio batzuetara iritsi zirelako. Horrela azaldu digu Agurne Barruso alkateak; "Aurrera pausu garrantzitsua eman dugu, dagoeneko ez gaude behin behineko proposamen horren gainean lanean, irailaren bostean lortutako akordioak sakontzen ari gara orain. San Martin Ikastetxea Hezkuntza Delegatuarekin bildu da euren leku faltari konponbide bat aurkitzeko eta gu, seguruenik, asteazkenean bilduko gara Hezkuntza Sailarekin Martinez de Iralako lanak lehenbailehen has ditzaten eta Aranzadi Ikastolarako finantzazioa aurkitzeko".

Aranzadi Ikastola

Aranzadi Ikastolak ere begi onez ikusi du Udal Gobernuak egindako proposamena. Ikastolako zuzendariak azaldu duenez borondatea eskertzekoa da, orain bieran hitz egindakoa sakon aztertu beharko duten arren. Aranzaditik eskatzen dute arazoa gardentasunez lantzea eta arazoa konpontzeko borondatea erakustea. Eurak behintzat bide horretatik jarraituko dutela azaldu du zuzendariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak