San Martin ikastetxeak bertan behera laga ditu mobilizazioak

Monika Belastegi Aranzabal 2008ko urtarrilaren 11

San Martin herri eskolak mobilizazioak bertan behera lagatzea erabaki du. Halaxe erabaki zuten eguenean egindako Gurasoen Asanbladan, erredakziora egubakoitzean bidalitako oharrean azaltzen dutenez.

Oharrean gehitzen dutenez, erabaki horretarako arrazoiak hiru dira, eta delegaziotik jasotako azken berrietan oinarritu dituzte. Batetik, ikasturte honetan duten leku arazoaren behin behineko irtenbidea martxan dagoela adierazi dute. Horren harira gehitzen dute Martinez de Iralan eurendako egokituko duten eraikinean –Aranzadik gaur egun administrazio bulegoak dituen eraikina– lanak hasi direla eta aldi berean egingo direla "Aranzadik erabiltzen jarraituko duen eraikin handiko lanak".

Modu positiboan baloratu duten beste gauzetako bat da "behin betiko irtenbidea geroago eta gertuago ikusten" dutela. Eta gehitzen dute egubakoitzean, Delegazioa, Jaurlaritza eta Udalarekin egin zen bileran "Martinez de Irala zeharo husteko bukaera data finkatuko" zela. Delegaziokoek esan zietenez, "euren aldetik planteatuko den data 2011 izango da, asko jota". 

Epe labur eta luzeko irtenbideez gain, bitarteko eperakoak ere azaltzen dituzte oharrean eta horixe izan da mobilizazioak bertan behera lagatzeko hirugarren arrazoia. Hain justu: "Udalbatzak azaroaren 26an hartutako erabakiaren arabera, martxorako proposamen bat aurkezteko konpromisoa hartu zuen. Han jasoko da epe ertainerako irtenbidea, hau da, Martinez de Iralako eraikin handiaren erabilera ikastetxe bataren zein bestearen beharraren araberakoa izatea, eraikina osorik eskuratu arte".

Amaitzeko, eman diren aurrera pausuetan konfiantza osoa jartzen dutela adierazten dute eta "2007ko otsailean azaltzen zen epea errespetatu izan balitz" ez zirela "kalera irteteko beharrean aurkituko.

Aranzadi ikastolaren iritzia

Aranzadik ere eman du iritzia San Martinen adierazpenen harira. Behin behineko irtenbidearen gainean esan du Martinez de Iralan San Martinek hartuko duen eraikinean obrak ez direla hasi: "Obren gaineko prozesuan gaude. Izan ere, 2007ko abenduaren 11n jaso genuen obra proposamena Hezkuntzatik. Han iradokizunak egitera gonbidatzen gintuztenez horrela egin genuen eta oraingoz ez dugu erantzunik jaso".
Epe luzeko ibilbideari dagokionez, "ez digu Hezkuntza Sailak Martinez de Irala uzteko eperik jarri", esan dute Aranzaditik. "Guri delegatuak esan zigun epe luzeko irtenbidea gauzatu arte eraikin administratiboa bakarrik laga beharko genukeela, eta baimena izango genuela Martinez de Iralako eraikin handiko espazio guztia erabiltzeko Aranzadi osoa Seminarioan kokatu arte".

Azkenik, Aranzadik aipatu du azaroaren 26ko mozioaren harira San Martinek ematen duen informazioa ez dela zuzena, "mozioak ez duelako ezer aipatzen epe ertainaren inguruan". Eta mozioa ere hitzez hitz aipatzen du Aranzadik eta honela dio: "Udalak eta Hezkuntza sailak hiru hileko epean epe luzerako proposamena helaraziko die eskolei, bakoitzari berari dagokion esparruari buruzko iritzia jasotzeko eta dagokion esparruari buruzko atala adosteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak